Politika -

Eusko Legebiltzarra

Lehendakariak ezker abertzaleak parte har dezakeen foroa proposatu du

Patxi Lopezek elkarbizitza eta presoak gizarteratzea bultzatzeko ordezkari bat izendatuko dutela iragarri du.

Patxi Lopez lehendakaria. EFE
Patxi Lopez lehendakaria. EFE
Ezker abertzaleak alderdi legal bat izan behar duela esan du Lopezek

01:56

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Patxi Lopez lehendakariak Eusko Legebiltzarrean bizikidetzaren inguruko batzorde txostengilea eratzea proposatu du terrorismoaren amaiera finkatzeko. Bertan, parlamentuko taldeez gain, erakundeetako eta elkarteetako beste hainbat ordezkarik edota "interes handiko" pertsonek parte hartzeko aukera izango dutela erantsi du. Hau da, ezker abertzaleak ere parte hartu ahal izango du, taldeek hala erabakiz gero.

Bakerako eta elkarbizitzako bere plana aurkezteko agerraldia egin du lehendakariak Gasteizko Legebiltzarrean.

Hala, ezker abertzaleak alderdi politikoa izan behar duela esan du eta "justizia eta banakako gizarteratzea" oinarri duen "espetxe politika desberdina" ezarri behar dela azpimarratu du, "kondenatua demokraziara bideratzeko" helburuarekin.

Halaber, Patxi Lopezek elkarbizitzarako ordezkari bat izendatuko dutela iragarri du, Jaurlaritzak alor horretan dituen politikak koordinatu eta burutzeko, alegia.

Elkarbizitzarako foroa

Patxi Lopezek azaldu duenez, elkarbizitzarako batzorde txostengilea "Euskadin zabaldu den garai berria elkarrekin aztertzeko eta terrorismoaren behin betiko amaiera eta guztiontzako askatasun osoa finkatzeko politika ekimenak arintzeko" balioko duen espazioa izango litzateke.

Lehendakariak proposatutako batzorde txostengilea Jaurlaritzaren bizikidetzaren ekimen guztien inguruko informazioa jasotzeaz arduratuko da eta akordioak adosten ahaleginduko da, besteak beste, udalekin elkarbizitza bultzatzeko ekimen bateratuak proposatu, hezkuntza sisteman ekimenak bultzatu eta memorian oinarritutako politikak sustatzeko.

Ezker abertzaleak Eusko Legebiltzarrean ordezkaririk ez duen arren, foroan parte hartu ahal izango luke alderdiek hala erabakiz gero.

Ezker abertzalea legeztatzea

Halaber, lehendakariak ezker abertzaleak "ahalik eta azkarren, legezko alderdia" izan behar duela azpimarratu du.

"Egun erakundeetan badaude, alderdi bat ez izateak ez du zentzurik", erantsi du.

Patxi Lopezek "ETAren indarkeria terrorista argi" salatzeko eta bere desegitea eskatzeko dei egin dio ezker abertzaleari. Batasuna ohiak "pausoak eman ditu eta indarkeriarekiko jarrera batzuk aldatu ditu", aitortu du lehendakariak, baina "oraindik bide asko du egiteko", erantsi du.

Espetxe politika

Presoen egoera izan da lehendakariaren agerraldiaren beste ardatz nagusia. Beste behin, espetxe politika malguago baten alde agertu da, baina horrek ez duela "kartzelako ateak irekiko" direnik esan nahi azpimarratu du.

"Arduragabekeriaz amnistia aldarrikatzen duten horiek euskal gizartea eta presoak engainatzen ari dira, aukera faltsuak sortzen", esan du.

Zehazki, banakako espetxe politika bultzatzearen aldeko apustua egin du lehendakariak ("presoen etorkizuna euren esku dago"). Bertan, ETAko presoen "pixkanakako hurbiltzea", gaixotasun larriak dituzten presoen gerturatzea, demokraziaren bidean sartu nahi duten iheslarien "itzulera erraztea", bergizarteratu nahi duten presoen senideei "aholkularitza legalarekin laguntzea" eta biktimek euren biktimarioen egoera ezagutzeko aukera izan dezaten "informazio sistema bat" ezartzea jasotzen da.

Lehendakariak ETAk presoak "erabili" dituela adierazi du eta ezker abertzaleari banakako bergizarteratzea babesteko eskatu dio.

Elkarbizitzarako ordezkaria

Patxi Lopezek bizikidetzarako ordezkari bat izendatuko dutela iragarri du. Horren egiteko nagusia Jaurlaritzak alor horretan dituen politikak bideratzea eta koordinatzea izango da. Dena dela, ez du kargu hori nork beteko duen argitu.

Memoria eta terrorismoaren biktimak

Memoria eta terrorismoaren biktimak ere lehendakariaren hitzaldiko ardatz nagusietako bat izan dira.

Biktimen memoria mantentzearen beharra eta gertatutakoaren kontakizun erreala eta bidezkoa egin behar dela azpimarratu du. Dena dela, ezker abertzaleak eskatutako "egiaren batzordea" eratzea ez dela beharrezkoa esan du lehendakariak, "egia argia delako eta beti gure begien aurrean izan dugulako", azaldu du. "Euskadin gertatutakoaren funtsezko egia da hiltzaileak eta hilketak defendatzen zituzten taldeak egon direla", erantsi du.

Testuinguru horretan, "terrorismoaren biktimak ohoratu eta gogorarazteko" hainbat ekimen nabarmendu ditu, besteak beste, Memoriaren Institutua sortzea eta Terrorismoaren Biktimen Memoriala irekitzea (Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak elkarlanean).

Gai honen baitan, lehendakariak beste hainbat neurri aurreratu ditu, hala nola maiatzean memoriari eta elkarbizitzari buruzko batzar bat egitea (besteak beste, Cecilia Malmstrom Barne Gaietarako komisario europarrak hartuko du parte), ETAren jazarpenaren ondorioz joan zirenei diru-laguntzak ematea itzul daitezen eta Poliziaren biktimak aintzatestea.

Lehendakariak gaurko agerraldian joan den irailean politika orokorreko eztabaidan aurkeztutako dekalogoa sakondu nahi izan du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea