Politika -
Bakea Euskadin
PSE eta ezker abertzalearen arteko bileraz ez dakiela ezer dio Mendiak
Idoia Mendiak ez daki ezer PSE eta ezker abertzalearen arteko ustezko bileraz, baina hala ere, "ez litzateke arraroa izango", ziurtatu du.
Erredakzioa
Idoia Mendia Jaurlaritzako bozeramaileak adierazi du ez dakiela ezer PSE-EE eta ezker abertzalearen ustezko bilera ofizial baten inguruan, baina hala ere, "ez litzateke arraroa izango", ziurtatu du.
Ezker abertzalearekin bilera bat hitzartuko omen dute pauso egokiak ematen ari direla helarazteko, baina oraindik bide luzea egiteke dutela ere esan nahi diete, besteak beste, ETArekin amaitu eta desegitea eskatu behar baitute. Mendiak, dena den, ustezko bilerhonen inguruan ez dakiela ezer esan du Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan.
"Ez daukat aukera horren berririk, baina ez litzateke lekuz kanpo egongo", gaineratu du.
Defizita
Gobernuak erkidegoekin defizitaren muga BPGren % 1,5ekoa izatea adostu ostean, Idoia Mendiak esan du erkidegoak direla zerbitzu publikoak ematen dituztenak, eta beraz, "gutxien murriztu dezaketenak".
Mendiarentzat, PPren asmoa, agian, zerbitzu publiko horiekin amaitu eta pribatizatzea da. Gainera, erabakia ez dela "justua" adierazi du, "aldebakarrekoa" izan delako, erkidegoei aldez aurretik ezer esan gabe.
Gipuzkoako Foru Aldundiaren iragarpenaren inguruan ere mintzatu da Mendia, izan ere enpresek zerga gutxiago ordaintzeko ezartzen zaizkien kenkarien moldaketa proposatuko du. Jaurlaritzaren jarrera "zerga zehatz bat baino, fiskalitatea orokorrean gainbegiratzea da", gaineratu du.