Politika -
Bake plana
ETAren amaiera Legebiltzarrean jorratzeko foroa proposatuko du Lopezek
Ostegunean, gainera, Aralarrekbakegintza batzorde bat sortzeko aurkeztutako proposamena onar liteke. eitb.com-ek zuzenean jarraituko du, Legebiltzarretik, lehendakariaren bake planaren aurkezpena.
Erredakzioa
Indarkeriaren bukaera eta elkarbizitza aro berria finkatzeko helburuarekin, ETAren amaiera Legebiltzarrean foro batean jorratzea proposatuko du Patxi Lopez lehendakariak ostegun honetan.
Hitzaldian, ETAri egin beharreko eskaerak, terrorismoaren biktimekiko konpromisoa eta, indarrean dagoen legediaren barruan, presoen birgizarteratzea jorratuko ditu lehendakariak, Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak azaldu duenez.
Horrela, lehendakariak bere ibilbide orria gehiago zehaztuko duostegun honetan Eusko Legebiltzarrean, bakea eta bizikidetza errotzeahelburu. Eusko Jaurlaritzaren iturrien esanetan, proposamen batzuk jada aurreratu ditu, baina beste batzuk berriak izango dira. Izan ere, aipatu iturrien arabera, lehendakariak uste du Kongresuak ETAren amaierari buruz adostutako adierazpena "zaharkitua" geratu dela EAEn, eta beraz, osteguneko proposamenetan "urrunago" joango da, "ekimenak eta foroak" proposatuz.
Patxi Lopezen proposamena eta honekin batera aurkeztuko dituen neurriak ez dira bozkatuko Eusko Legebiltzarrean, baina baliteke ostegun honetan bakegintza batzorde bat sortzeko Aralarrek aurkeztutako proposamena bozkatzea. Oraingoz, PPk eta UpyDk osoko zuzenketa aurkeztu diote Aintzane Ezenarroren proposamenari.Lehendakariaren proposamena "bidearen hasiera" dela esan du Mendiak
Idoia Mendia Jaurlaritzako bozeramaileak, lehendakariaren proposamena "bidearen hasiera" izango dela berretsi du, ez "iritsiera puntua", eta "ekarpen guztietara" zabalik dagoela gaineratu du.
Lehendakariaren urratsak
Irailaren 29an, lehendakariak dekalogo bat aurkeztu zuen Legebiltzarrean, politika orokorreko eztabaidan. Besteak beste, ETAko presoak Euskal Herriko espetxeetara hurbiltzea proposatu zuen, betiere erakunde terrorista desagertzen bada.
Urriaren 20an, ETAk indarkeriaren behin betiko amaiera iragarri zuen, eta ondoren Lopezek adierazi zuen "neurri batean" bete dela bere 'ibilbide orria', hots, indarkeriaren amaierari dagokiona.
Ondoren, bilera-sorta bat abiatu zuen alderdiekin eta eragileekin aro politiko berria aztertzeko.
Horren ostean, Moncloa jauregira joan zen, Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidentearekin batzartzeko. Bilera horretan, Sortu legeztatzea eta espetxe politika malgutzea eskatu zion. Besteak beste, presoak hurbiltzea, norbanako birgizarteratze politikak abiatzea eta larri dauden presoei hirugarren gradua ematea aipatu zuen.
Gainerako taldeen jarrera
EAJk, PPk eta Ezker Anitzak Legebiltzarrean aurkeztuko duen plana aldez aurretik adostu ez izana egotzi diote lehendakariari.
Bere aldetik, Aralarrek esan du proposamenak ezagutzeko zain dagoela, eta ekimenak abiatzea lehendakariari dagokiola iritzi dio.
eitb.com-ek zuzenean jarraituko du, Eusko Legebiltzarretik eta Twitter bidez, lehendakariaren bake eta bizikidetza planaren aurkezpena.