Politika -
Bakerako Plana
PP: 'Euskadin Kongresuko akordiotik apur bat harago joan gaitezke'
Bestalde, ezker abertzaleak Aieteko Adierazpena kontuan hartzeko eskatu dio lehendakariari eta UPyDk nabarmendu du "ETA oraindik" desegin ez dela.
Erredakzioa
Iñaki Oyarzabal Euskadiko PPren idazkari nagusiak esan du ETAren amaierari buruz Kongresuan adostutako hitzarmenetik "apur bat harago joan gaitezke hemen".
Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean, Oyarzabalek ezinbestekotzat jo du ETAren indarkeriaren amaiera alderdi demokratiko guztien adostasunarekin eta euskal gizartearen babesarekin zuzentzea. Horrenbestez, datorren osteguneko agerraldian lehendakariak bakerako eta elkarbizitzarako plana zehazten duenean, "guztiok onartu ahal izango ditugun proposamenak egingo dituela espero dut", erantsi. Ildo horretan, Oyarzabalek azpimarratu du lehendakariak zer aurkeztuko duen "zehatz mehatz" ezagutzen ez duela. Aitzitik, "ETAren proiektu totalitario eta baztertzaileari zilegitasuna kentzeko neurriak izango direla suposatzen dut".
Euskadin Kongresuko akordiotik "apur bat harago" joan daitekeela esan duen arren, Oyarzabalek deia egin die EAJri eta PSEri "ezker abertzaleak markatutako diskurtsoarekin ez nahasteko". "Exijentziak ezker abertzaleari egin behar zaizkio, ez Espainiako Gobernuari", zehaztu du.
Ezker abertzaleak "ardura" eta "hausnarketa" eskatu
Joseba Permach ezker abertzaleko bozeramaileak "arduraz" jokatzeko eta Aieteko Adierazpena ere kontuan izateko eskatu dio Patxi Lopez lehendakariari.
Joseba Permach ezker abertzaleko buruzagiak ohartarazi du bake prozesuak "oso gutxi" egingo duela aurrera autokritikarik egiten ez bada eta Poliziak eta GALek erabilitako "legezko indarkeriak" eragindako kaltea aitortzen ez bada.
Onda Vascan egindako elkarrizketa batean Permachek azaldu duenez, ETA ez da izan indarkeria erabili izan duen bakarra; hori dela eta, euskal herritarrek jasandako indarkerian izan duten ardura onartzeko eskatu die alderdi politikoei.
Permachek ezker abertzalearen autokritika azpimarratu du, izan ere, "beti indarkeriaren kontra egon diren gainerako alderdiek ezin dute ukatu Gobernuan egon direnean Estatuko edo erkidegoko poliziak erabili dituztela eta legezko indarkeria horrek ondorio latzak utzi dituela".
Hori horrela, Permachek gogorarazi du "Ertzaintzaren esku jendea hil dela" eta "pertsona batzuk begiak galdu dituztela manifestazioetan". Gainera, "Estatuak, GALen bidez, indarkeria" erabili duela adierazi du. Indarkeriaren erabileraren inguruan autokritika egiten duen eta egindako kaltea aitortzen duen "bakarra" ezker abertzalea bada, "gutxi egingo dugu aurrera", gaineratu du buruzagi abertzaleak.
UPyD
Bestalde, Gorka Maneirok esan du Patxi Lopezek lehendakari gisa nahiz gainerako talde parlamentario guztiek ETAren amaiera bultzatzeko, terrorismoaren biktimak babesteko eta zuzenbide Estatua defendatzeko ekimenak bultzatu behar dituztela.
ETBn egindako elkarrizketa batean, UPyDko legebiltzarkideak erantsi du begi onez ikusten duela egoera politikoaz nahiz ETAren amaieraz pentsatzen duena adierazteko alderdiek agerraldiak egitea Legebiltzarrean.
Nolanahi ere, Maneirok azpimarratu du ETAk "oraindik desegin gabe" jarraitzen duela eta "Justiziarekin kolaboratzeko asmorik" agertu ez duela.