Politika -
Legez kanpoko alderdiak
D3Mko eta Askatasuneko inputatuek oso larritzat jo dute eurak epaitzea
"Salbuespen politika eta neurriak bukatzea", eta, horretarako, legez kanpo utzitako alderdiak legeztatzea eskatu dute.
Erredakzioa
Askatasuna eta Demokrazia 3 Milioi alderdi abertzaleek 2009ko EAEko hauteskundeetara aurkeztutako zerrendetako inputatuek "oso larritzat" jo dute "euskal gizarteari hauteskunde eskaintza bat egitegatik" epaitzea.
Ildo horretan, "salbuespen politika eta neurriak amaitzeko " eta legez kanpo utzitako alderdiak legeztatzeko eskatu dute. Halaber, “kriminalizazioa eta jazarpen poliziala” bukatzea nahi dute.
2009ko otsailean, Auzitegi Konstituzionalak bertan behera utzi zituen Askatasunaren eta D3Mren hautagaitzak, Fiskaltzak eta Gobernuak haien aurka egin eta gero.
Joan den urtarrilean, Auzitegi Nazionalak D3Mren eta Askatasunaren zerrendetako 13 pertsona deitu zituen, apirilaren 30ean Auzitegira bertaratzeko.
Amparo Lasheras D3Mko Arabako zerrendaburu eta inputatuaren hitzetan, "gizarteak behin betiko atzean uzteko eskatu duen ilegalizazio politikaren jarraipena da" epaiketa.
Ildo horretan, Estatuak "blokeo estrategiarekin erantzuten dio Euskadin zabaldu den egoera berriari”, Lasherasen hitzetan.