Politika -
Auzitegi Nazionala
Murillo 'kale borroka' kasu bat epaitzeko saioan: 'Hau ez da zirkua'
Epaileak horixe adierazi die 2002an autobus bat erretzea leporatuta auzipetu duten gazte baten senide eta lagunei Auzitegi Nazionalean.
Erredakzioa
Iñaki Bengoa San Miguel 2002an autobus bat erretzea leporatuta epaitzen ari dira Auzitegi Nazionalean eta Angela Murillo epaileak gogor jo du epaitegira bertaratu diren auzipetuaren lagunen kontra. Izan ere, Bengoaren alde txalo egiten hasi dira senide eta lagunak eta Auzitegi Nazionaleko epaileak berriro ez egiteko eta "hau Justizia epaitegi bat da, errespetua merezi du, hau ez da zirku bat" esan die.
Hitz horiexekin itxi du Murillok epaiketaren lehenengo saioa. Fiskaltzak 10 urte eta bederatzi hilabeteko zigorra eskatzen du Bengoarentzat 2002ko otsailaren 10ean Bilbon autobus bat erretzea egotzita.
Bengoak ukatu egin du akusazioa, eta inoiz ez diola autobus bati eraso egin azpimarratu du. Erasoa gertatu zen lekuan bere eskularru bat agertu izanaz, Aitor Fernandez Treceño lankide eta dagoeneko erasoagatik zigortuta dagoenak eraman zuela esan du.