Politika -
Otegiren webguneko mezua
Otegi: 'Ezker abertzaleak soilik zuzendu dezake egungo gauzen egoera'
Arnaldo Otegi Batasuneko bozeramaile ohiaren esanetan, soilik "alternatiba erradikal, demokratiko eta herrikoiak zuzendu ahal izango du gaurko egoera".
Erredakzioa
"Gure Herri-eskubideak ukatzen dituztenek eta lurbira osoa eta gizateria heriotza energetiko, klimatiko eta sozialaren ertz-ertzean jarri dutenek sinestarazi nahi digute euren esku dagoela sortu dituzten arazoen irtenbide zuzenerako giltza", esan du Arnaldo Otegi Batasuneko bozeramaile ohiak.
Bere izena daraman webgunean argitaratu duen eskutitz baten bitartez, mezu hau bidali nahi izan du Logroñoko espetxetik. Jasotako elkartasun mezuak eskertu ditu eta "egun bizi dugun unearen garrantzia" azpimarratu du.
"Orain, beti izan den bezala, antolamenduak, eztabaidak, partaidetzak eta alternatiba erradikal, demokratiko eta herrikoiak zuzendu ahal izango du gaurko egoera hau, ez beste ezerk", defendatu du Otegik.
Honen harira, "ezker abertzalea hasita dago lan horretan eta, oraindik bidea luzea izango den arren, gure helburuetako bakoitza eta osoki guztiak lortzera helduko gara", esan du, eta mezua bere jarraitzaileei "animoak" emanez eta irribarre egiteko esanez amaitu du, "behar dugulako, eta irabazi egingo dugulako".