Politika -
Adierazpena
Ezker Abertzalea: 'Barkamena erlijioaren esparruko kontzeptua da'
Ugartebururen hitzetan, atzoko aurkezpenaren ondoren ez zuten gainontzeko alderdien "oniritzia" espero. "Mezua euskal gizarteari zuzendu nahi genion", adierazi du.
Erredakzioa
Maribi Ugarteburu ezker abertzaleko bozeramaileak esan du "barkamena" erlijioaren eremuari dagokion "kontzeptua" dela eta ezker abertzaleak "konponbide osoa bilatuko duten planteamendu politikoak" aurkeztu behar dituela gaineratu du.
InfoZazpi irratiari eskainitako elkarrizketan, Ugarteburuk euskal gotzainei erantzun die (ETAk barkamena eskatu behar duela adierazi zuten). Horrez gain, Donostiako Kursaalen aurkeztutako dokumentuari eginiko kritikak ere erantzun ditu.
Atzo, 'Eraiki dezagun bakea prozesu demokratikoan' izeneko adierazpena aurkeztu zuen ezker abertzaleak Donostian. Dokumentu horretan, "ETAren indarkeriak sortu duen mina eta sufrimendua" onartu zuen ezker abertzaleak, baita "Espainiako eta Frantziako estatuek errepresioarekin sortu dutena ere".
Ezker Abertzalearen bozeramaileak nabarmendu du barkamena "erlijioaren esparruko kontzeptua" dela, eta, orain, ezker abertzaleak "konponbide osoa bilatuko duten planteamendu politikoak" aurkeztu behar dituela azpimarratu du.
"Konponbiderako ibilbide horretan, biktimen gaiari erantzun bat eman behar zaio, baina ez aitorleku batetik egindako hitzaldi batekin, baizik eta adierazpen politiko batekin", adierazi du.
Ugartebururen hitzetan, atzoko aurkezpenaren ondoren ez zuten gainontzeko alderdien "oniritzia" espero. Mezua euskal gizarteari zuzendu nahi izan ziotela gaineratu du.
Horrez gain, alderdi batzuk erantzuna "aldez aurretik" idatzita zeukatela adierazi du. PSEk Kursaaleko ekitaldia bukatu aurretik egin zuen agerraldia kazetarien aurrean, ezker abertzalearen dokumentuari erantzuteko.