Politika -
Adierazpena
EA: 'Nahi bai, PSEk eta PPk beste biktimen inguruan gauza bera esatea'
Juanjo Agirrezabala EAko legebiltzarkidearen esanetan, “harrigarria da” batzuek ezker abertzalearen pausoa txikiegia dela esatea.
Erredakzioa
PPk eta PSEk ezker abertzalearen adierazpena gutxiegi dela esan izana kritikatu du Juanjo Agirrezabala EAko legebiltzarkideak, eta "nahi bai, eurek Poliziaren eta torturen biktimak izan direnei buruz gauza bera esatea", adierazi du.
Poliziaren biktimak aintzat hartzeko Jaurlaritzaren dekretuaren zirriborroaren zuzenketak aurkezten egon da Agirrezabala Eusko Legebiltzarrean.
Bertan, EAko legebiltzarkideak esan du "harrituta" dagoela sektore batzuek pausoa eskasegia dela esan dutela ikusita.
"Gustatuko litzaiguke beraiek gauza bera egitea Poliziaren eta torturaren biktimekin", adierazi du.
Bestalde, 1968. eta 1978. urteen artean Poliziak eragindako biktimei egindako kaltea nola osatu zehazteko egin duten dekretuaren zirriborroaren inguruan, Agirrezabalak denbora muga kritikatu du, eta Terrorismoaren Biktimen Legean bezala hasiera urtea 1960an jartzeko eskatu du.
Zirriborroa aurrerapausoa bat dela onartu du EAko legebiltzarkideak, baina "motzegia" dela esan du eta aldaketa batzuk iragarri ditu.