Politika -
ETA-ren amaiera
UPyD bakarrik geratu da Bildu eta Amaiur legez kanporatzeko eskaeran
Azkenean ez da bozkatu PPk, PSOEk, IUk, CiUk eta EAJk UPyDk eskatutako ilegalizazioen aurrean onartutako zuzenketa.
Erredakzioa
Kongresuko ia talde parlamentario guztiek, PPk eta PSOEk tarteko, bakarrik utzi dute UPyD, Bilduren eta Amaiurren ilegalizazio prozesuak abiarazteko saiakeran.
UPyDren ekimenak alderdi horrek kongresuan dituen bost diputatuen botuak baino ez ditu jaso. Alderdi guztiak, Amaiur barne, ekimenaren kontra agertu dira, eta Rosa Diezek kritika gogorrak entzun behar izan ditu.
Leopoldo Barreda PPren bozeramaileak salatu du Rosa Diez diputatuaren asmoa "Gobernua kolokan jartzea" besterik ez zela, baina era berean Amaiurreko kideei "arnasa eman" diela.
"Ez dugu zure leziorik onartuko", gaineratu du Barredak. UPyDren proposamena "demagogian eta oportunismoan" oinarritua dagoela uste du.
PSOEren aldetik, Ramon Jaureguik proposamen "anakronikoa" eta "burugabea" aurkeztea leporatu dio UPyDri. Ez duela oinarri juridikorik eta Estatuaren Abokatuaren txostenek ez dutela babesten azpimarratu du.
Jaureguirentzat, UPyDren ekimenak "Estatuaren porrota" ekar lezake, legez kanporatzeko prozesuak auzitegietan aurrera egiten ez badu.
IUk, bere aldetik, UPyDk ETArekiko duen "adikzioa" gaitzetsi du. Kritika horren aurrean, Rosa Diez sutu egin da eta ohartarazi dio, ez Kongresuan ez kanpoan, inori ez diola onartuko ETArekin ados dagoela esaten utziko.
UPyDren buruak azpimarratu du zantzu asko daudela Bildu eta Amaiur Batasunaren oinordekoak direla eta "lege iruzurra" direla pentsatzeko.
Rosa Diezek erabat errefusatu du ETAren indarkeriaren amaierak bi koalizio horien kontra jotzea galarazten duela eta ETA oraindik bizirik dagoela gogorarazi du.
Gainera, PPk eta PSOEk adostu eta CiUk, EAJk, CCk, UPNk, IU-ICV-CHAk eta Foro Ciudadanok bat egin duten testu alternatiboa kritikatu du gogor.
Xabier Mikel Errekondo Amaiurren bozeramaileak, berriz, bi testuak, UPyDren mozioa eta talde parlamentarioen gehiengoak adostutako testua, gaitzetsi ditu.
Errekondorentzat "iruzurra" da testua eta " euskal gatazka politikoa osorik konpontzeko ibilbide orria izatetik oso urrun dago".
Errekondoren arabera, gehiengoak adostutako testuak "irabazle eta galtzaile" eskemari eusten dio, eta PP "estualditik" ateratzeko bakarrik balio du. Gainera, "baztertzailea" dela iritzi dio, Amaiur kontuan hartu ez dutelako.
Era berean, EAJ kritikatu du PPren estrategiari "men egin" diolako eta euskal herritarrei "hitza eta ahotsa" ukatzen dietenekin elkartu direlako.
Testu alternatiboaPPk, PSOEk, IUk, CiUk eta EAJk testu bat adostu dute, UPyDk ETAren indarkeriaren amaieraren aurrean aurkeztutako adierazpenaren alternatiba izan dadin. Baina azkenean ez da bozkatu ere egin.
Hain zuzen ere, UPyDk Bildu eta Amaiur legez kanpo uztea eskatu du, baina aipatu lau alderdien testuak batasunaren aldeko deia egiten du, erakunde terrorista desegitea lortzeko.
Ramon Jauregui PSOEk Kongresuko Konstituzio Batzordean duen bozeramaileak iragarri du akordioa, eta gogorarazi du UPyDk betoa jar dezakeela, jatorrizko mozioaren egilea baita. Dena dela, hori egitea "ulertezina" litzatekeela uste du.
Adierazpena PPk eta PSOEk hitzartu dute, eta ondoren IUk, EAJk eta CiUk bat egin dute.
PPren, PSOEren, IUren, EAJren eta CiUren testuak alderdi guztiekin, Eusko Jaurlaritzarekin eta Nafarroako Gobernuarekin hitz egitea eskatzen dio Espainiako Gobernuari, batasuna oinarri, ETAri desegitea eskatzeko eta biktimak prozesuaren "nukleoan" kokatzeko.
Jaureguiren hitzetan, akordioak "agerian" uzten du UPyD "bakartuta" dagoela aipatu ilegalizazio eskaera "surrealista" eginda, "indarkeriarik ez dagoen errealitate honetan" bat ez baitator.
Lehen aldia da, urriaren 20an ETAk indarkeriaren amaiera iragarri zuenetik, Parlamentuko gehiengoak terrorismorik gabeko "aro berria" idatziz islatu nahi izan duena.
Jaureguik azaldu duenez, sozialistak eta popularrak asteburutik negoziatzen izan dira, eta PPk interes handia agertu du PSOErekin akordioa lortzeko.
Indar guztien arteko elkarrizketa eta biktimak erdigunean kokatzea eskatu ez ezik, adierazpenak bizikidetza "Zuzenbide Estatuaren printzipioak oinarri" eraikitzea eta edozein ekintza bortitzen aurka borroka egiten jarraitzea ere exijitzen du.
Rosa Diezek ezker abertzalea "babestea" leporatu du
Bere aldetik, Rosa Diez UPyDko bozeramaileak PPren eta PSOEren aurka egin du, testu alternatiboa sustatzeagatik, eta bere alderdia "bakartu nahi izatea" eta ezker abertzalea "babestea" egotzi die.
Diez haserre agertu da, ez baita inor harekin harremanetan jarri mozioa adosten saiatzeko.
EAJk uste du testua "bidezkoa" dela
Josu Erkoreka EAJko bozeramaileak adierazi du PPk eta PSOEk sustatutako testua "orekatua eta bidezkoa" iruditu zaiola, eta erronkei heltzeko "jarrera egokia" defendatzen duela, indarkeriaren amaiera "atzeraezina" dela aitortzen dutelako.
Erkorekak garrantzia eman dio datu horri, talde guztiek uste baitute orain indarkeriaren amaiera behin betikoa dela, eta UPyDk ilegalizazioak eskatzeak zentzurik ez duela onartzen baita.
Erkorekaren hitzetan, "aro berri" honetan, indar politikoek batera heldu behar diete "erronka berriei", ETA desegitea lortzeko, biktimak aintzatesteko eta Euskal Herrian "bakean eta askatasunean" eraikitzeko bizikidetza.
Rajoyk bihar erantzungo dio AmaiurriBestalde, Mariano Rajoy Gobernuko presidenteak bihar erantzungo dio Xabier Mikel Errekondo Amaiurren bozeramailearen galderari. Diputatu abertzaleak "euskal gatazka politikoa betiko eta oso osorik konpontzeko" zer egiteko asmoa duen galdetuko dio presidenteari.