Politika -
2012rako ildo politikoa
Ezker abertzaleak akordio bat landuko du polo soberanista handitzeko
Gara egunkariaren arabera, ezker abertzaleak bere ildo politikoa zehaztu berri du eta, besteak beste, Aralar eta Abertzaleen Batasuna bilduko dituen akordio estrategikoaren alde egingo du.
Erredakzioa
Ezker abertzaleak 2012rako ildo politikoa eztabaidatu eta zehaztu berri du: polo soberanista handitzea, baketze eta normalizazio politikorako prozesua azkartzea eta egoera sozio-ekonomikoari aurre egiteko alternatiba zehatza eta adostua egitea izango dira bere apustuetako batzuk.
Gara egunkariak gaur argitaratu duenez, ezker abertzalea lanean ari da polo soberanista deitutako handitzeko eta akordio estrategiko horretan Aralar eta Abertzaleen Batasuna ere biltzeko. 2010eko ekainean 'Lortu arte' izeneko hitzarmena sinatu zuen Eusko Alkartasunarekin; eta 2011ko urtarrilean, 'Euskal Herria ezkerretik' izeneko akordioa, EArekin eta Alternatibarekin.
Ezker abertzaleak uste du "estatuei begira egon gabe" eta "kontraesanei beldurrik izan gabe" lanean jarraitu behar dela.
Horrenbestez, eta bakegintzari dagokionez, biktimen gaiari ere heltzen dio. Ezker abertzaleak azpimarratzen duenez, "Estatuak biktimak gatazka elikatzeko erabiltzen ditu, baina guk biktimak konponbiderako aktibo bilakatu behar ditugu".
Presoen kasuan, ezker abertzaleak argi dauka bidea "herritarren presioa aktibatzea" dela eta adibide moduan joan den urtarrilaren 7an Bilbon egungo kartzela-politikaren amaiera exijitzeko egin zen manifestazioa aipatzen du.