Politika -
Sozialista gazteen kongresuan
Pastorrek 'sarraskijale' deitu dio Urkulluri
Euskal finantzen egoeraren inguruan Urkulluk egindako adierazpenak boterea lortzeko testuinguruan kokatu ditu Jose Antonio Pastorrek
Erredakzioa
Jose Antonio Pastor PSE-EEren bozeramaileak, "sarraskijale" deitu dio Iñigo Urkulluri, Eusko Jaurlaritzaren finantzen inguruko adierazpenengatik. "Lehendakariari ospea kentzeko denak balio du Urkullurentzat, herrialderako izan ditzazkeen ondorioei jaramonik egin gabe", adierazi du.
Bilbon gaur hasi den euskal sozialista gazteen kongresuan, Pastorrek ukatu egin du buruzagi jeltzalea "abertzalea" denik eta finantzen inguruan egindako adierazpenak boterea eskuratzeko duen borrokan kokatu ditu. Nazionalismoarentzat "denak balio du" esan du.
Patxi Lopez lehendakariaren Gobernua, ordea, "herrialdeak izan dezakeen gobernurik onena da" Pastorrentzat eta gazteei 2013ko hauteskundeei begira gizarteari mezu hori gogoraratzeko eskatu die.
"Patxi Lopez lehendakaria lehiakortasunaren eta gardentasunaren Gobernu baten bermerik onena da. Identitateen obsesioak baztertu eta ekonomiak hamarkada askotan izan duen unerik txarrenean, kudeaketa arduratsua ekarri du", gaineratu du.
PSE-EEren bozeramaileak argi utzi nahi izan du legegintzaldia, amaitzen denean amaituko dela, "Euskadi ez baita geldituko", eta ondoren, "euskal gizarteari gure erralitatearekin bat egiten duen proiektu arduratsu eta serio bat eskainiko diogu".
"Datozen hauteskundeetan sozialistak Eusko Jaurlaritzatik joango garela esaten dute, baina baita jendeari telebistan gehien gustatzen zaizkion saioak dokumentalak direla ere. Ez egin kasurik. Euren nahia da, baina ez egia", adierazi du.