Politika -
Mendiaren akusazioen aurrean
Irregulartasunak 'oso-osorik' ikertzea eskatu du EAk
Ustezko irregulartasunak plazaratzeko bi urte behar izana salatu dute, eta beldur dira horrek ''kontu publikoetan kontrol eskasa dagoenaren isla'' ez ote den.
Erredakzioa
Jaurlaritzak Justizia Sailean atzeman dituen ustezko irregulartasunak 'oso-osorik' ikertzea eskatu du Eusko Alkartasunak. Mendiak emandako datuen arabera, Jaurlaritzak "irregulartasun larriak" atzeman ditu Justizia Sailak 2000 eta 2009 artean, Joseba Azkarraga sailburu zenean, egindako 15 kontratu informatikotan.
EAk ez du baztertzen akusazio partikular gisa aurkeztea, eta Eusko Legebiltzarrean auzia ikertzeko batzordea sortzeko proposamena ere egitea.
Jaurlaritzak jakitera emandako irregulartasunak benetakoak baldin badira, erantzukizun politiko eta judizialak eskatuko dituela adierazi du EAk.
Dena den, ustezko irregulartasunak plazaratzeko Jaurlaritzak bi urte behar izana salatu dute, eta beldur dira horrek ''kontu publikoetan kontrol eskasa dagoenaren isla'' ez ote den.
Era berean, salaketa orain egin izana azken egunotan EAJk egindako akusazioekin zerikusirik ez izatea ere espero du Eusko Alkartasunak.