Politika -
Erantzuna
Urkulluk lehendakariari: 'Denborak bakoitza bere tokian jarriko du'
EBBren presidenteak ''gardentasuna eta errealismoa'' eskatu dizkio Patxi Lopezi, bere blogean kaleratu duen idatzi batean.
Erredakzioa
''Denborak bakoitza bere tokian jarriko du'' esaldiarekin erantzun dio Iñigo Urkullu EAJko EBBren presidenteak lehendakariari, bere blogean.
Goizean, Patxi Lopezek arduragabekeriaz jokatzea egotzi dio Urkulluri, lehendakariaren ustez diru-bilketaren jaitsierari konponbideak bilatzeko proposamenari "alarma" pizten erantzun ziolako.
''Alarma soziala piztea eta maila instituzionala galdu izana egotzi didate. Eta ni ere jarriko nau nire tokian denborak'', erantzun du Urkulluk bere testuan. EBBren presidentearen esanetan, kontuek bat egiten ez dutenean diru-bilketa handitzea da lehendakariaren erantzuna. Baina, ''hau momentuko irtenbidea baino ez da: 'Carpe diem' konponbidea''.
Urkulluren ustez, ''irtenbide hori fikzioan bizitzeko modua baino ez da: dena ondo dagoela eta errua beti besteena dela oinarri duen fikzioa'', gaineratu du.
Errealitatea bestelakoa dela azaldu du Urkulluk: ''Jaurlaritzaren defizitak gorantz egiten du''. Horren aurrean, ''gardentasuna eta errealismoa'' eskatu dizkio Patxi Lopezi.