Politika -
Auzitegi Gorena
Portu eta Sarasola atxilotu zituzten agenteen absoluzioa berretsi dute
Epaileek atzera bota dute Igor Portu eta Mattin Sarasola ETAko kideen abokatuen helegitea. Gipuzkoako Auzitegiak torturak leporatuta zigortu zituen.
Erredakzioa
Auzitegi Gorenak atzera bota du Igor Portu eta Mattin Sarasola ETAko kideen abokatuak Gipuzkoako Auzitegiak torturagatik zigortu zituen guardia zibilen absoluzioaren kontra aurkeztutako helegitea. 2008ko urtarrilaren 6an ETAko bi kideak torturatzeagatik zigortu zituen Gipuzkoako Auzitegiak, baina Gorenak bertan behera utzi zuen ebazpen hori.
Urtarrilaren 19ko data duen autoan azaltzen denez, Auzitegi Goreneko zigor aretoarentzat helegitea ezin da onartu, prozesuko eskubideak urratzen zirela salatzen baitzen, eta epaitegiaren ustez ez da halakorik gertatu.
Gipuzkoako Auzitegiak lau guardia zibil zigortu zituen Portu eta Sarasola atxilotu zituztenean egindako torturengatik, baina Auzitegi Gorenak bertan behera utzi zuen ebazpen hori iazko azaroan.
ETAko kideek helegitea jarri zuten absoluzioaren kontra, Auzitegi Gorenak frogak "baloratu" zituelakoan eta aurreiritziekin jokatu zuelako "bi salatzaileak zigortuta daudelako eta ETAko kideak direlako".
Era berean, Auzitegi Gorenak dio helegitean bertan onartzen dutela helegitea aurkeztearena Auzitegi Konstituzionalari babesa eskatu aurretik aukera guztiak agortzeko modu bat zela.