Politika -
PSOEren 38. Kongresu Federala
Rubalcaba, PSOEko idazkari nagusi
"Batasunerako momentua da, gaurkoa batasun-ekitaldia da jada", esan du Rubalcabak hautatua izan eta alderdikideen aurrean egindako lehen hitzaldian.
Erredakzioa
Alfredo Perez Rubalcaba da PSOEko idazkari nagusi berria. Ministro ohiak 22 botoren alde urria atera dio Carme Chacon arerioari 38. Kongresu Federaldean egindako bozketan.
Rubalcabak 487 boto jaso ditu ( % 51,16) eta Chaconek, aldiz, 465 (% 48,84).
Botazioan 956 ordezkarik hartu dute parte. Boto bat baliogabekoa izan da eta bi ordezkarik zuriz bozkatu dute.
Jose Antonio Griñan Mahaiko Batzordeko eta PSOEko kongresuko presidenteak iragarri du botazioaren emaitza, eta zenbaketaren atzerapena botoak eskuz zenbatu izanagatik izan dela azaldu du. Zenbaketa ordu eta erdiz luzatu da.
Rubalcabak batasuna eskatu du
"Batasunerako momentua da, gaurkoa batasun-ekitaldia da jada", esan du Rubalcabak hautatua izan eta alderdikideen aurrean egindako lehen hitzaldian.
Gainera, PSOEko aurreko idazkari nagusiak ere aipatu ditu, Felipe González, Joaquín Almunia eta José Luis Rodríguez Zapatero, kargua uzten duenean haiek bezala joatea gustatuko litzaiokeela esateko; hau da, alderdikideen maitasuna irabazita.
"Garrantzitsua ez da iristea, joaten jakitea baino", adierazi du.
Zenbaketa luzatu egin da
Rubalcaba Jose Luis Zapateroren ordezkoa izango dela jakin denean, txalo zaparrada luzea izan da. Carme Chaconek ere txalo ugari jaso ditu berriro ordezkarien artean agertu denean. Chaconek musu bana eman die Kongresuko Mahaiko kideei.
Zenbaketa 14:00ak aldera hasi da, bi hautagaien hitzaldien ondoren. Zenbaketak aurrera egiten zuen bitartean, zurrumurruak zabaltzen hasi dira eta Rubalcaba garaile ematen zuten. Twitterren ere saltsa handia egon da irabazlearen izena noiz iragarriko zain.