Politika -
Zapaterok agur esan dio PSOEri
Zapatero: 'Krisia berandu onartu nuen, baina ez nuen bat-batean egin'
Gobernuko presidente ohiak politika utziko du eta bere azken hitzaldian esan du litekeena dela "ETAk berriro inor ez hiltzea".
Erredakzioa
Jose Luis Rodriguez Zapatero PSOEko idazkari nagusiak aitortu du krisia berandu onartu zuela, baina ukatu egin du bere neurrietan inprobisazioa egon izana. Betiere helburu zehatza izan zuela gaineratu du: Espainia esku hartu ez zezatela.
Sevillan egiten ari diren PSOEren Kongresu Federalean esan dio agur Zapaterok politikari, larunbat honetan sozialisten idazkari nagusi berria aukeratuko baitute bertan.
2010eko maiatzetik aurrera bere gobernuak martxan jarri zituen neurriak defendatu ditu Zapaterok, erabaki horiek hauteskundeetan eta gizarte mailan izango zituzten ondorioak jakinda ere. Neurri horiei esker orain Espainia esku hartuta ez dagoela ere esan du presidente ohiak.
Autokritikarako lekua ere izan du Zapaterok, eta krisi ekonomia berandu onartu izana aitortu du, baina ez du errua oso-osorik bere gain hartu, Bere ustez inork aurreikusi ezin zezakeena aurreikustea eskatu zitzaion berari_
ETA
Zapaterok bere azken hitzaldian azpimarratu duenez, "litekeena da ETAk berriro inor ez hiltzea", eta beraz, “pozik egon behar dugu”, gaineratu du.
Gobernuan izan den zortzi urteetan bakea eta ETAren amaiera nahi zituztenei "etengabe" eta "modu batean edo bestean" lagundu dietela esan du; ildo horretan, aintzatespen berezia adierazi die Euskadiko sozialistei.
Rodriguez Zapaterok biktimen memoria "mantentzeko" eskatu die gidari sozialistei, eta bizikidetza gogoratu du Euskadin, "bidean asko utzi dugulako", gaineratu du.
Agur hunkituta
PSOEko idazkari nagusia bere alderdiaren zerbitzura jarri da behar dutenerako, eta bihar aukeratzen duten idazkari nagusiarekin elkartasuna areagotzeko eskatu die sozialistei; izan ere, "datorrena datorrela, ez da adiskidetasuna eta leialtasuna galdu behar".
Zapaterok hunkituta bukatu du bere hitzaldia, eta txaloaldi luze eta beroa jaso du bukaeran. Hamaika urte eta erdi PSOEren buruan izan ostean, agur esan die bere erantzukizunei.