Politika -

Elkarbizitzarako Plana

Elkarbizitzarako Planak terrorismoa eta torturak errefusatzen ditu

ELA, LAB eta STEE-EILAS sindikatuek ez dute testua sinatu. PPk kritikatu du ETAri aipamen zuzenik egiten ez zaiola; Aralarrek eta EAJk alderdi guztien artean adostu ez izana deitoratu dute.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Isabel Celaak azaldu duenez, Hezkuntza Sailak bultzatutako Elkarbizitzarako Dokumentuak "40 urteotako terrorismoa" errefusatzen du, "baina baita torturak eta giza-eskubideak urratzen dituzten ekintza ez-zilegi guztiak ere".

Celaak agerraldia egin du Legebiltzarrean joan den abenduaren 30ean aurkeztutako dokumentuaren xehetasunak azaltzeko. Testuak Jaurlaritzare, eskola-patronalen, gurasoen elkarteen eta UGT eta CCOO sindikatuen babesa dauka. ELA, LAB eta STEE-EILAS sindikatuek, berriz, ez dute dokumentua sinatu. Adierazpenak bost puntu ditu, ez du neurri zehatzik proposatzen eta bere helburua giza-eskubideen eta gizakiaren duintasunean errespetua bultzatzea da. Giza-eskubideen urraketak jasan dituzten pertsonen aldeko elkartasun ekimenak martxan jartzea proposatzen du, "benetako" elkarbizitza demokratikoa lortzeko bidean. Celaak dokumentuak izan duen babes "zabala" goraipatu du eta ETAk indarkeria uztea erabaki ostean ireki den aro berrira egokitu direla adierazi du. Alderdien erreakzioak

Aralarren galdera bati erantzunez, Celaak ez du agiri hau ez dela Bakerako Hezkuntza Plan berri bat sortzeko abiapuntua. "Ez ditugu Elkarbizitzarako Planaren printzipioak aldatu, aro berrira egokitu baino ez dugu egin", erantsi du.

Alderdi Popularrak gogor kritikatu du testua. Iñaki Oyarzabalek salatu du dokumentuak ez diola ETAri, ezta erakunde armatuak eragindako kalteari, aipamen zuzenik egiten.

EAJk eta Aralarrek, ostera, begi onez hartu dute Hezkuntza Sailaren ekimena, giza-eskubide guztiak aintzat hartzen dituelako eta elkarrizketaren eta elkarbizitzaren alde egiten duelako.

Alabaina, dokumentua gainerako talde parlamentarioekin adostu ez izana eta testuak sindikatu abertzaleen babesik ez duela deitoratu dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea