Politika -
ETA-ko presoak
Barne Ministerioak 'banakako birgizarteratze politikak' sustatuko ditu
ETAko presoek pairatzen duten "manipulazioa"rekin bukatuko duela nabarmendu du Fernandez Diaz ministroak.
Erredakzioa
Jorge Fernandez Diaz Espainiako Gobernuko Barne ministroak iragarri du "banakako birgizarteratze politikak" sustatuko dituztela indarkeriatik aldendu nahi diren ETAko presoekin.
"Politika zentzuduna izango da, egoera berriaren aukerez baliatu eta presoek eta haien senideek pairatzen duten manipulazioarekin bukatzeko", azpimarratu du Fernandezek.
Ministroak "beste batzuek emandako pausoak" (Langraitzeko espetxean dauden presoak ETAtik aldendu izana) emateko dei egin die ETAko presoei, legeak aurrez ikusten dituen onurak jaso ahal izateko.
Barne ministroak ETAren amaierari "ikuspegi zabalez eta Estatu senarekin" heltzea promestu du, baina 'ibilbide orria' legea ezartzea izango dela erantsi du.
Hitzaldian, terrorismoaren biktimen "duintasuna" goratu du. "Haiek diktatuko dute memoriaren kontakizuna, ez memoria historikoa, baizik eta benetako istorioa", esan du.
Fernandez Diazen esanetan, ETA desegitea izango da "terrorismoaren benetako amaiera", eta biktimei egindako kalteak aitortzea eta barkamena eskatzea exijitu dio erakunde terroristari.
Bizkartzain zerbitzuaren murrizketa
Bestalde, Fernandez Diazek baieztatu du "murrizketa handia" egingo dutela bizkartzain zerbitzuan, Espainiako bizkartzain kopurua "zentzuzkoa baino handiagoa" baita.
Hori horrela, ministroak zehaztu du urtero 160 milioi euro bideratzen dituztela babes zerbitzuetara, horietako 100 milioi Euskadiko eta Nafarroako bizkartzain pribatuak ordaintzeko.
Murrizketa hurrengo asteetan garatuko dute, eta kasu guztiak "banan-banan" aztertuko dituzte, babesa nork behar duen eta nork ez egiaztatzeko.