Politika -
Lehen bilera
Krisia eta bakea kudeatzeko adostasuna eskaini dio Urkulluk Rajoyri
Bere hitzetan, EAJ ez da "PPren Gobernukidea" izango, baina, gaineratu duenez, "sakrifizioak egiteko garaia da, baita alderdi politikoentzat ere".
Erredakzioa
Krisi ekonomikotik ateratzeko Espainiako Gobernuak egingo dituen erreformen inguruan eta Euskal Herriko bakegintza eta normalizazioa kudeatzeko "adostasuna" eskaini dio gaur Iñigo Urkullu EAJko presidenteak Mariano Rajoy Espainiako presidenteari.
Moncloan egin duten bileraren ondoren agerraldia egin du Urkulluk. Bere hitzetan, EAJ ez da "PPren Gobernukidea" izango, baina, gaineratu duenez, "sakrifizioak egiteko garaia da, baita alderdi politikoentzat ere".
EAJk planteatutako ekimenekin "harkor" agertu da Rajoy, Urkulluren hitzetan, baita espetxe-politikaren baitan aldaketak egiteko edota presoak Euskal Herriko kartzeletara hurbiltzeko ere. Hala ere, ez du Rajoyk esandakoari buruz informazioa eman.
Krisi ekonomikoa
Alor ekonomikoan, EAJk "erantzukizunez" jokatuko duela esan du Urkulluk. Espainiak 2010ko maiatzean bizi zuen egoera latza "iraganean" dagoela nabarmendu du, baina egungoa "larrialdiko" egoera izaten jarraitzen duela gaineratu du.
Horregatik, jarduera ekonomikoa "suspertzeko" eta neurriak proposatu dizkio Rajoyri, baita aurrekontuen egonkortasuna bermatzeko ere.
Gobernuak egingo dituen erreformei buruz "gainetik" mintzatu direla azaldu du Urkulluk. Neurri horien helburu nagusia "hazkundea sortzea" izan behar dela azpimarratu du, eta ez "hiritarrak zigortu".
Bakegintza
Espetxe politikaz ere aritu dira Rajoy eta Urkullu. EAJko burua "pozik" atera da bileratik Rajoyk izan duen jarrerarekin. Presoen familiak ez zigortzeko eskaera egin dio jeltzaleak presidenteari.
Bestalde, ETAren amaieraren ondorengo garaia kudeatzeko EAJren babesa eskaini dio Rajoyri eta gizarteratzea bermatzeko exijitu dio.