Politika -
Bilera Moncloan
Urkulluk bakea errotzeko konpromisoak eskatuko dizkio Rajoyri
EAJko presidenteak espero du PPk "diskurtso publikoa leuntzea" eta presoen gaian "lan zuhurra" egitea.
Erredakzioa
Iñigo Urkullu EAJko presidenteak esan du bakea eta bizikidetza errotzeko konpromisoak eta Euskadirentzako estatus politiko berri baterako urratsak egitea eskatuko diola Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteari astearte honetan Moncloan egingo duten bileran.
Cope irrati-katean egindako elkarrizketa batean, Urkulluk azaldu du krisi ekonomikoa eta bakea ez ezik, "autogobernua" ere izango dutela hizpide.
Euskadirentzako estatus politiko berria lortzeko xedez, Urkulluk Espainiako Gorte Orokorretan eta Eusko Legebiltzarrean akordio zabala lortzearen alde egin du, ondoren euskal gizarteari hitza emateko.
Bake prozesuari buruz, EAJko presidenteak gogoraraziko du 1998an Jose maria Aznarrek neurri "malguak" hartu zituela ETAko presoekin.
Horrenbestez, ETAk indarkeriaren amaiera iragarri duen honetan, PPk "jakin behar du" garai berria ireki dela, eta "diskurtso publikoa leuntzea" eta presoen gaia "zuhurtziaz lantzea" espero duela nabarmendu du.
Urkulluren adierazpenak arratsaldeko 16:00etan izango dira gutxi gora behera, Moncloako Jaurerrian.
Egibarrek "neurri osagarriak" eskatu ditu
Bere aldetik, Joseba Egibar EAJk Eusko Legebiltzarrean duen bozeramaileak "neurri osagarriak" hartzeko eskatu dio Rajoyren Gobernuari, "bakea eta normalizazioa helburu". Halaber, ETArekin desegiteaz eta desarmeaz hitz egiteko dei egin dio.
Egibarren hitzetan, "neurri osagarri" horien helburua bake eta normalizazio estrategia "atzeraezin" egitea izango litzateke. "Eskuduntza asko Espainiako Gobernuarenak dira", gogorarazi du.
EAJko bozeramaileak uste du PPk jakin badakiela "erantzukizunez" jokatu beharra duela, "eta ez bakarrik Gobernuan dagoelako".