Politika -

Bilera ofiziala

Fernandez: 'ETA desagertzen bada, presoek onurak jaso ahalko dituzte'

Barne ministroaren hitzetan, "ETAren inguruko zenbait pertsonak" presoei bideratutako diru-laguntzak "bildu dituzte" Gabonetan.

ETAren amaiera aztertzeko bildu dira Ares eta Fernandez

01:16

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroak eta Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak adierazi dutenez, "ETAren inguruko zenbait pertsonak" presoei bideratutako diru-laguntzak "bildu dituzte" Gabonetan, nahiz eta ETAren estortsioa "desagertu" egin den. Horrez gain, Fernandezek esan du ETA desagertzen den unetik aurrera, presoak "espetxe politikak aurreikusten dituen onurak eskatzeko libre" izango direla.

Leioan egin duten bilera bukatutakoan, Barne ministroak esan du berak ez duela "inoiz ere" ETAren estortsioak jarraitzen duenik aipatu. Atzoko adierazpenetan, “ETAren inguruko pertsonek egindako Gabonetako diru-bilketak" aipatu zituela gaineratu du.

Bestalde, Aresek enpresaburuen aurkako xantaia "desagertu" egin dela nabarmendu du, baina "zenbait pertsona ETAren presoei laguntzeko dirua eskatzen" ari direla azaldu du. "Gaitzetsi egiten dugu", azpimarratu du.

Espetxe politika

Espetxe-politika malgutzeko eskatu dio Aresek Barne ministroari. Kazetarien aurrean, Fernandezek "euskal presoen etsairik handiena ETA bera" dela erantzun dio.

"Ekintzak egiteari utzi ez ezik ETA desagertu ere egiten den unetik aurrera, presoak aske izango dira espetxeetan onurak eskatzeko", esan du Jorge Fernandezek.

Ordubete eta erdiko bilera egin dute Espainiako Gobernuko eta Jaurlaritzako Barne arduradunek, ETAren aurkako politika aztertzeko, besteak beste.

'Azpiegitura, klandestinitatean'

Bestalde, "klandestinitatean jarraitzeko azpiegitura izateko mugimenduak" atzeman dituztela azaldu du Fernandezek. "ETA ez da oraindik desagertu; klandestinitatean jarraitzeko azpiegitura bat izateko mugimendu gehiegi daude ".

Frantziarekin egin duten elkarlanari esker, ETAk "lehergailuak eta armak" dituela badakitela esan du Barne arduradunak. Horregatik, "Zuzenbide Estatuak terroristen aurka" egiten jarraituko duela gaineratu du. Espainiako Gobernua eta Jaurlaritza "indarkeriaren alde egiten dutenen aurkako beso bakarra" izango direla nabarmendu du.

Bilera Leioako Artatza jauregian egin dute. Fernandezekin batera Ignacio Ulloa Segurtasuneko estatu idazkaria, Ignacio Cosidó Poliziako zuzendari orokorra eta Arnesio Fernandez de la Mesa Guardia Zibileko zuzendari orokorra izan dira.

Terrorismoaren biktimen memoriaren zentroaren proiektua

Terrorismoaren biktimen memoriaren zentroa sortzeko kolaborazio protokoloa sinatu dute gaur agintari biek; horretarako, aldebiko batzorde bat sortuko dute, eta sei hilabeteko epean proposamen bat aurkeztuko dute.

Artazako Jauregian sinatu dute agiri hori; bertan, Fernandez Diazek esan du gobernuak ez daudela "distantziakidetasunean" edo "biktimen parekatzearen alde", eta beraz, zentro hori Euskadin izango dela.

Fernandezen hitzetan, kolaborazio protokolo hori, "Espainian Eskubidezko Estatuan egindako ekintzei, poliziaren eta epaileen jardunbideari, nazioarteko kolaborazioari, gizartearen erresistentziari eta terrorismoa zilegitzat ez hartzeari esker" sinatzea lortu dute. Une hauetan, "terrorismoaren zikloari amaiera jartzen ari gara".

Hala ere, "iragana atzean uzteak ez du esan nahi ahaztuko dugunik", eta etorkizuna "memoria, duintasuna eta justizia" kontutan hartuta eraikitzea" proposatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea