Politika -
Espainiako Barne Ministerioa
Fernandez Diaz: 'ETAk talde logistiko ezkutu bat berregin nahi du'
Barne ministroaren hitzetan, ETAk dirua jasotzeko kanpaina bat abian jarri zuen Gabonetan EAEko dendetan, "iraultza-zerga" ordezkatzeko.
Erredakzioa
Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroaren hitzetan, ETA talde logistiko bat berregiten saiatzen ari da, ezkutuan; besteak beste, Frantzian orain dela bi aste atxilotutako ETAko ustezko hiru kideei lehergaiak atzeman izana aipatu du Fernandez Diazek horren erakusgarri.
Felip Puig Kataluniako Barne sailburuarekin bildu ostean emandako prentsaurrekoan, Barne ministroak gogoratu du ETAko ustezko hiru kideak armak zituztela, eta beraz, beren asmoa ez zela "baketsua".
Halaber, Barne ministroaren hitzetan, ETAk dirua jasotzeko kanpaina abian jarri zuen Gabonetan EAEko denden artean, "iraultza-zerga" ordezkatzeko.
Dena den, Herrizaingo Sailak Efe albiste agentziari jakinarazi dionez, ez du kanpaina horren berririk, eta inork ez du salaketarik jarri.
Horren aurrean, Estatuko Segurtasun Indarrek ez dute "zaintza maila" jaitsiko eta adi jarraituko dute; izan ere, Zuzenbide Estatuak "ez du etenaldirik egin", esan du.