Politika -

Gehiengo sindikala

ELAk eta LABek bukatutzat eman dute beren lankidetza

Ainhoa Etxaidek (LAB) Txiki Muñozi (ELA) erantzun dionez, "kezkagarria" da ELAk LABekin zuen lankidetza bukatutzat ematea.

Adolfo Muñoz. Argazkia: EiTB.
Adolfo Muñoz. Argazkia: EiTB.
Adolfo Muñoz. Argazkia: EiTB.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ezker abertzalea Bilduren bitartez Gipuzkoako erakundeetara heldu ostean, ELA eta LAB sindikatu nazionalista nagusi bien arteko harremana okertu egin da; EAEn "gehiengo sindikalik ez" dagoela baieztatu dute biek, egoerak txarrera egin duen erakusgarri.

Adolfo "Txiki" Muñoz ELAko idazkari nagusiak atzo Gara egunkariko elkarrizketa batean adierazi zuenez, "Bildu erakundeetara heldu zenetik, ezker abertzaleak amortizatutzat eman du gehiengo sindikala".

Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusiak adierazpen horiei erantzun die gaur Info Zazpi Irratian. Etxaideren hitzetan, "kezkagarria" da ELAk LABekin zuen lankidetza hedabideetan egindako elkarrizketa baten bitartez bukatutzat ematea. Hala ere, Etxaidek aitortu duenez, "egun ez dago gehiengo sindikalik".

Muñozek atzo esan zuenez, Bildu Gipuzkoako Foru Aldundira heldu ostean, "ezinezkoa da" ELAk eta LABek azken urteetan izan duten gehiengo sindikalak "politikariei zuzentzen" jarraitzea.

Muñozek "akordio politiko eta sindikal nazionala" adosteko aukera baztertu zuen; izan ere, ELAko idazkari nagusiaren iritziz, Gobernuan daudenek sindikatuek "beren politikak babestea" nahi dute.

"Erabaki politikoak hartzen dituzten guztiei zuzentzen gatzaizkio. Ezin da mendekotasun politikorik izan", gaineratu zuen.

Adierazpen horien harira Ainhoa Etxaidek gaur esan duenez, "argi dago ELA sindikatuarekin dituzten harremanak ez daudela bere unerik onenean”. Ildo horretan, krisiaren bigarren fasean "EAEko gehiengo sindikalak agendarik ez izatea" deitoratu du. Halaber, "langileei erantzuna emateko bidea" izaten ari ez direla ere gaitzetsi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea