Politika -
Istiluak
'Gora ETA' oihuak eta irainak, Auzitegi Nazionaleko epaiketa batean
Auzitegi Nazionala ETAko ustezko hiru kide epaitzen ari da, 2007an PSEko zinegotzi baten eskoltaren kontrako atentatua egotzita. Epaileak salatik bota ditu hiru akusatuak, istiluen ondoren.
Erredakzioa
Auzitegi Nazionala ETAko ustezko hiru kide, Daniel Pastor, Iñigo Zapirain eta Beatriz Etxeberria, epaitzen ari da, 2007an PSEko zinegotzi baten eta bere bizkartzainaren kontrako atentatua egitea egotzita.
Akusatuetako batek, Daniel Pastorrek, "Gora ETA" oihukatu eta epaimahaia iraindu ostean, epaileak salatik bota ditu hiru akusatuak, eta baita saiora hurbildu diren ikusleak ere.
Liskarra Guardia Zibilaren agente baten deklarazioaren ostean jazo da. Ustezko hiru kideen atxiloketan parte hartu zuen agente batek akusatuek "borondatez" deklaratu zutela adierazi du. 2007ko urrian Juan Carlos Domingo Galdakaoko PSE-EE zinegotziaren eta Gabriel Gines bere bizkartzainaren hilketa saiakeraren inguruko detaileak eman zituztela azaldu du guardia zibilak.
Agentearen deklarazioaren ostean, Daniel Pastor akusatuak, iraindu egin du, eta Teresa Palacios epaimahaiko presidenteak Iñigo Zapirain eta Beatriz Etxeberriarekin batera blindatutako gunera eraman ditzatela agindu du.
Bitarte horretan, hiru akusatuak oihuka hasi dira, eta Pastorrek, "nazka ematen didazue" esan die epaimahaikoei. Poliziaren agenteak akusatuak blindatutako gelan sartzen ari ziren unean Pastorrek eskuan "bilurrak ipini arren" ez dutela "isilaraziko" esan du. Ondoren, "Gora ETA" oihukatu du eta epaiketako ikusleen artean zeuden kide batzuek babes oihuak egin dituzte.
Hori dela eta, epaileak akusatuak eta publikoa aretotik botatzea erabaki du eta saioak aurrera jarraitu du.
2007ko urrian, Juan Carlos Domingo Galdakaoko PSEko zinegotzi baten autoaren azpian jarritako lapa-bonba batekin egindako atentatua egozten diete hiru akusatuei. Atentatu hartan Gabriel Gines zinegotziaren bizkartzaina zauritu zen. Fiskalak 55 urteko kartzela zigorra eskatzen du akusatu bakoitzarentzat.
Kereila
Diginidad y Justiciaelkarteak eta Terrorismoaren Biktimen elkarteak kereila bat aurkeztuko dute ETAko ustezko hiru kide horien aurka, ustez terrorismoa garaipatzeagatik.