Politika -
Baketzea eta normalizazioa
Estatuak eragindako biktimak aintzat hartzeko dekretua prest dago
Zirriborro honek Estatuaren indarkeriak 1968-1978 urteen artean eragindako biktimak hartzen ditu aintzat. Beste dekretu bat egingo dute, 1978tik gaur arte eragindako biktimei zuzenduta egongo dena.
Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzak prest dauka jada Estatuaren indarkeriak eragin dituen biktimak aintzat hartzeko dekretua.
Gara egunkariak gaur argitaratu duenez, Manuela Carmena epaileak zuzendutako taldeak egin duen dekretuak 1968-1978 epealdian Estatuaren indarkeriak eragin zituen biktimak hartzen ditun kontuan eta biktima horiek "kalte-ordainak jasotzeko, egia ezagutzeko eta justizia egiteko" duten eskubideak gauzatzea du helburutzat.
Espainiako Konstituzioa onartu zenetik gaur egun arte Estatuaren indarkeriaren ondorioz izan diren biktimak aintzat hartzeko bigarren dekretu bat egiteko asmoa dauka Jaurlaritzak.
Gara-k zehaztu duenez, "modu zuzenean nahiz zeharka segurtasun indarrek, funtzionari publikoek edota Administrazio Publikoarekin elkarlanean aritzen ziren beste pertsona batzuek egindako ekintza bidegabeek eragindako sufrimendu injustuak pairatu dituzten pertsonak" joko dituzte Estatuaren biktimatzat.
Aitzitik, "motibazio politikoko indarkeria jarduera bat egiterakoan edo egiteko asmotan zeudenean kaltetutako pertsonak" ez dira biktima izango, dekretuaren arabera.
Balizko biktimen kasuak aztertzeaz arduratuko den batzordea Giza-eskubideen Zuzendaritzak zuzenduko du eta honela egongo da eratuta: aipatu zuzendaritzak aukeratutako bi aditu izango dira; Eusko Legebiltzarrak aukeratutako beste bi ordezkari; Terrorismoaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzaren beste ordezkari bat; eta euskal gizartea ordezkatuko duen beste pertsona bat.