Politika -

Auzitegi Nazionala

ANk Ibai Beobide epaituko du gaur, EITBren aurkako atentatua egotzita

Fiskaltzak 37 urteko espetxe zigorra eskatuko du, besteak beste kalte terroristak egitea egotzita.

Eztandak kalte material handiak egin zituen EITBren egoitzan
Eztandak kalte material handiak egin zituen EITBren egoitzan
Eztandak kalte material handiak egin zituen EITBren egoitzan

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Auzitegi Nazionalak Ibai Beobide ETAko ustezko kidea epaituko du gaur, 2008ko abenduaren 31n EITBren Bilboko egoitza nagusiaren aurkako atentatua egotzita.

Eztandak ez zuen inor hil, baina pertsona bat zauritu zuen eta kalte material handiak egin zituen.

Fiskaltzak 37 urteko espetxe zigorra eskatuko du. Behin-betiko ondorioen txostenean, Ana Noe fiskalak kalte terroristak, pertsona bat legez kanpo atxikitzea, helburu terrorista zuen lapurreta bortitza eta lesio delitu bat egotzi dio, besteak beste.

Horrenbestez, espetxe zigorra ez ezik, kalte-ordainak ematea ere eskatuko du: 5.059.094 euro eraikineko jabeentzat, 22.519 kalteak izan zituzten ibilgailuen jabeentzat, 6.000 eztandarazi zuten furgonetako jabearentzat eta 700 zauritu zuten pertsonarentzat.

Fiskalaren esanetan, Beobide 2008ko hasieran sartu zen ETAn, eta orduan Frantziara joan zen armak eta lehergailuak erabiltzen "ikasteko".

Espainian bueltan, akusatuak "Basakatu" taldea sortu zuen, Itziar Morenorekin (egun ihes eginda dago) eta Oihana Mardarasekin (2009ko ekainean atxilotuta) batera.

Fiskaltzak gaineratu duenez, Mardarasek utzi zuen furgoneta-bonba EITBren egoitzaren aurrean, 09:01ean, eta Beobidek Bilboko suhiltzaileei deitu zien, bonbaren kokapenaz ohartarazteko.

Azkenean, 11:05ean lehertu zen, eta ondorioz pertsona bat zauritu zen eta kalte material handiak izan ziren.

ETAk 2009ko otsailaren 21ean hartu zuen bere gain atentatua, agiri batean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea