Politika -
Soslaia
Fraga, diktaduran eta demokrazian
PPren fundatzailea Informazio eta Turismo ministro izan zen Francoren diktadura garaian eta Prentsa Legearen sustatzaile nagusia izan zen.
Erredakzioa
Manuel Fraga Alderdi Popularraren (PP) fundatzailea, 89 urterekin hil berri dena, oso agintari garrantzitsua izan da Espainiaren azken urteetako historian, izan ere, diktaduran, trantsizioan eta demokrazian ardura esanguratsuak izan ditu eta Konstituzioaren egileetako bat izan zen.
Aliantza Popularraren (AP) fundatzaile ere izan zen eta Informazio eta Turismo ministro Francisco Francoren diktaduran. Besteak beste, Prentsa Legea eta Espainiako Ostatu Sarea sustatu zituen.
Diktadura
Fraga Lugoko Vilalba herrian jaio zen 1922ko azaroaren 23an eta Zuzenbide, Zientzia Politiko eta Ekonomia doktore zen. Diktadura garaian, trantsizioan eta demokrazian kargu garrantzitsuak izan dituen politika munduko azken erreferentetzat hartzen zen.
Francoren erregimenean Informazio eta Tursmo ministro izan zen, Espainiaren enbaxadore britainia Handian eta Ipar Irlandan, eta Arias Navarrorekin Barne Gaietarako presidenteorde eta Herrizaintza ministro izan zen. Horrez gain, diputatu izan zen bai Espainiako gorteetan bai Europako Parlamentuan, eta Galiziako Xuntako presidente izan zen 15 urtez jarraian.
Aliantza Popularraren buru ere izan zen 1979 eta 1987 artean, eta 1989an Alderdi Popularrarena. Azken kargu horretan dimisioa eman zuen lekukoa Jose Maria Aznarri uzteko.
Galizia
Ordutik aurrera, bizitza politiko ia osoa Galizian egin zuen. 2005 arte presidente izan zen gehiengo osoarekin, eta gero senatari izendatu zuten Galiziatik.
2000. urte amaieran, Galiziako Xuntan jokatu zuen papera oso polemikoa izan zen, orduan atzeman baitzituzten lehenengo "behi eroen" kasuak eta hurrengo urtean Prestige ontziaren hondamendia kudeatzea ere tokatu zitzaion.
Azken urteetan buruzagi galiziarraren osasunak okerrera egin bazuen ere, Fraga Galiziako presidentegai izan zen berriro 2005eko ekainaren 19an, baina gehiengo osoa galdu zuen eta presidentetza ere bai PSOEk eta BNGk lotutako akordioari esker.
Galiziako PPren buruzagitza utzi zuen orduan eta Alberto Nuñez Feijook hartu zuen bere lekukoa 2006an egindako aparteko Kongresuan.
Senatua
Hala ere, Fragak oraindik ez zion politikari 'agur' esan, senatari izendatu baitzuten Galiziako Erkidegotik.
2011ko irailean, Fragaren senideek jakinarazi zuten politikagintza utziko zuela eta ez zela azaroaren 20ko hauteskundeetara aurkeztuko.
2011ko udaberritik aurrera, Fragaren agerraldi publikoak oso urriak izan dira, izan ere, etxean erori zen eta ordutik arazoak izan ditu aldakan.
ETAren jomugan
1996an, buruzagi popularra ETAren "Galizia taldea"ren jomugan egon zen. Haren kontrako atentatua egiten saiatu ziren bonba-autoz, baina Guardia Zibilak eragotzi egin zuen erasoa.