Politika -
Soslaia
Biografia: 'Txillardegi', euskararen aldeko defentsa sutsua
Gainera, Jose Luis Alvarez Enparantza idazle eta hizkuntzalariak militantzia politiko aktiboa izan zuen: 1959ean ETA sortzen lagundu eta Herri Batasunaren sorkuntzan parte hartu zuen.
Erredakzioa
Jose Luis Alvarez Enparantza 'Txillardegi' 1929. urtean jaio zen, Donostian. Ingenieritza ikasi zuen Bilbon eta Hizkuntzalaritza Parisen eta 1982. urtetik aurrera irakasle ardurak bete zituen Euskal Herriko Unibertsitatean. Gainera, EHUko katedradun izendatu zuten.
Bere ibilbide politikoa Euzko Alderdi Jeltzale alderdian hasi zuen baina laster desengainua hartu zuen, bere esanetan, EAJk "jarrera bilguna" zuen. Hori dela eta, 1959. urtean gazte abertzale batzuekin bildu zen eta batera, Euskadi Ta Askatasuna sortu zuten. 1961ean herrialdetik ihes egin zuen eta Parisen eta Bruselasen izkutatu zen.
1967ean borroka armatua utzi zuen eta erbestetik bueltan, ESB alderdia sortu zuen Iñaki Aldekoarekin. Gainera, Euskal Herrian Euskaraz mugimenduaren sortzaileetako bat izan zen. ESBtik bota zuten eta geroago, Herri Batasunaren senataria izan zen. Ondoren, Aralar alderdiko kidea izan zen eta 2008ko hauteskundeetan ANVko Senaturako hautagaia izan zen.
Euskara baturako 'Txillardegi'k ortografian eta morfologian landutako oinarrizko arau batzuen proposamenak onartu zituen Euskaltzaindiak. 1957ean euskaltzain urgazle izendatu zuten eta 1993.ean, Euskaltzaindiko Ahoskera Batzordea sortu zutenetik, haren kdie izan zen.
'Txillardegi'k bibliografía oparoa du. Idatzitako obren artean 'Leturiaren egunkari ezkutua' (1957), 'Haizeaz bestaldetik' (1979) eta 'Putzu' (1999) eleberriak, 'Huntaz eta hartaz' (1965), 'Hizkuntza eta pentsakera' (1972) eta 'Euskal Herria helburu' (1994) entseguak, eta 'Euskal fonologia' (1980), 'Euskal azentuaz' (1984), 'Elebidun gizartearen azterketa matematikoa' (1984) lan akademikoak nabarmendu ditzazkegu.