Politika -
Gobernu Batzordea
Sailburuordeei eskoltak kentzea erabaki du Jaurlaritzak
Lehendakariak azpimarratu du PSEren Gobernuak "ETAren jarduera terrorista amaitzea" lortu duela eta, bestalde, legegintzaldia agortuko duela iragarri du.
Erredakzioa
Patxi Lopez lehendakariak eta Jaurlaritzako 11 sailburuek bakarrik izango dute bizkartzaina igandetik aurrera. Lehendakariak iragarri duenez, urtarrilaren 15ean eskoltak kenduko dizkiete Eusko Jaurlaritzako sailburuordeei. ETAk armak utzi izanari buruz, "historiak, Gobernu honekin Euskadin askatasunaren garaiari hasiera eman" zitzaiola "gogoratuko" duela gaineratu du.
Patxi Lopezek hirugarren urtez jarraian bilera egin du Lehendakaritzan Jaurlaritzako 200 goi-kargudunekin; sailburuak, sailburuordeak eta zuzendariak tarteko. Bertan, 2011n izandako kudeaketaren balantzea egin dute eta 2012rako helburuak ezarri dituzte.
ETAren indarkeriaren amaieraren iragarpenaren ondoren sortutako egoera izan du hizpide lehendakariak bere hitzaldiaren zati handi batean eta pozik agertu da "etengabeko eta eguneroko mehatxua" amaitu dela eta.
Legegintzaldia agortuko du
Lehendakariak ETAren amaiera lortzeagatik bakarrik legegintzaldiak "merezi" izan duela esan du. Halaber, legegintzaldia agortuko duela eta ez dituela hauteskundeak aurreratuko iragarri du.
Hala, "mehatxuen eta indarkeriaren inpunitatea betiko amaitu" izana azpimarratu du. "ETAren indarkeria terrorista eta eguneroko mehatxua amaitzea lortu dugu", berretsi du.
Lehendakariaren esanetan, "horregatik bakarrik, amesgaizto terroristari amaiera emateagatik bakarrik, merezi izan du gure Jaurlaritzak, izan ere, historian geratuko da" Jaurlaritza honekin "ireki zela behingoz askatasun garaia Euskadin".
Orain "terrorismoak eragindako zauriak sendatzeko" garaia dela esan du eta horretarako beharrezko jo du "orain arte totalitarismoa babesten zutenak demokraziara erakartzea".
Patxi Lopezek argitu du inoiz ez duela utziko "Euskadin hiltzaileak eta hildakoak egon zirela ahazten" eta "amnesia kolektiboa" salatu du.
Esfortzua enpleguaren alde
Hitzaldiaren bigarren zatian krisia eta legegintzaldia amaitu bitartean Jaurlaritzari geratzen zaion lan "gogor eta zaila" izan ditu hizpide.
Lehendakariak esan du 2011 terrorismoaren amaieraren urtea izan dela, eta 2012a "enpleguaren aldeko esfortzuarena" izango dela.
Jaurlaritzak zuhur eta gastuak murrizten jarraituko duela azpimarratu du, baina "defizitaren kopurua sakratu egin gabe, bestela ezer garatzeko aukerarik ez dugu izango eta atzeraldian eroriko gara".
Patxi Lopezek aitortu du Jaurlaritzak "murrizketa gehiago" egin beharko dituela aurrekontuetan ekonomiari laguntzeko baliabideak edukitzeko, eta horretarako fiskalitatea omen da "tresna onena eta indartsuena".