Politika -

VI. Batzar Nagusia

5 bizkaitar, bi arabar eta gipuzkoar bat, EAJren zuzendaritza berrian

Alderdi jeltzalearen Batzar Nagusia igandean amaituko da, Iñigo Urkullu Euskadi Buru Batzarreko presidente berrautatuta.

Zuzendaritza berriarenn zortzi kideak. Argazkia: EITB.
Euskadi Buru Batzarrak badu zuzendaritza berria

01:23

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAJk zuzendaritza berria aukeratu du larunbat honetan: Joseba Aurrekoetxea, Lorea Bilbao, Iñaki Goikotxeta, Koldo Mediavilla eta Nekane Alonso bizkaitarrek, Pilar Garcia de Salazar eta Gonzalo Saenz de Samaniego arabarrek eta Aitor Olaizola gipuzkoarrak osatzen dute.

Burukide berrien izen-abizenak Roman Berriozabal VI. Batzar Nagusiko presidenteak iragarri ditu BECen, Barakaldon, emandako prentsaurrekoan. Batzarrak asteburu osoa iraungo du eta Iñigo Urkullu EBBko presidente hautatuko dute, bigarrenez.

Goizean, alderdiaren estatutuen berritzea onartu dute, Belen Greaves EBBko idazkariak eguerdian azaldutakoaren arabera.

Greavesek Batzar Nagusiaren nondik-norakoen berri eman du burukide lanetan emandako azken prentsaurrekoan, Greaves ez baita berrautaketara aurkeztu. Alderdiak estatutuetan egin beharreko aldaketak onartu dituela konfirmatu du. Horien artean ez da izen aldaketarena egon.

Greavesek azaldu duenez, beste bi dokumentu ere onartu dituzte goizeko saioan: "Euskadi, Europako nazioa" eta "Etorkizuna lantzen". Dokumentu horien bitartez, EAJk proposamen politiko, ekonomiko, sozial eta kulturalak egunerati nahi ditu, ETAren indarkeria desagertu ondoren sortutako bake-eszenarioari egokituta. Beste helburua alderdia Ajuria Eneara bueltatzeko prestatzea da.

Estatutuen erreforman ustelkeriaren kontrako neurriak eta gardentasuna erraztekoak sartu dira. Gainera, aldaketak izango dira afiliazioa bertan behera uzteko prozedura, afiliazioen erregistro nazionala sortuko dute, eta, batzarrean, lurraldeetako ordezkarien kopurua 100era igoko dute.

Proposamen berriak

"Etorkizunerako lanean" dokumentuan 250 proposamen bildu dituzte krisiari aurre egiteko. "Proposamenak dauzkagu, Gobernatzeko estilo eta era bat, azken urteetan egindakoan argi utzi dugu hori, eta orain esparru politikoan zein ekonomikoan proposamen zehatzak egiten ari gara", esan du Greavesek.

Arratsaldean, 256 udal-erakundeetako 700 ordezkarik EBB edo exekutiba nazionaleko kideak hautatuko dituzte. Bihar, berriz, Iñigo Urkulluk hitz egingo du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea