Politika -

Erredakzioa

Matasen taldeko zuzendari ohiek 'ezkutuko lehiaketak' egozten dizkiote

Matasen diskurtsoak idazten zituen kazetari baten kontratua ezkutatzeko, komunikazio agentzia batekin ustezko lehiaketa "pantaila" bat egin zuela susmatzen du Fiskaltzak.

Jaume Matas, Balearretako presidente ohia. Argazkia: EFE
Jaume Matas, Balearretako presidente ohia. Argazkia: EFE
'Lapurra, itzul ezazu dirua' oihuen artean hartu dute Jaume Matas

00:33

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Palma Arena auziko lehen epaiketa hasi da gaur Palmako Lurralde Auzitegian. Fiskaltzak zortzi urte eta erdiko kartzela zigorra eskatzen du Jaume Matas Balear Uharteetako presidente ohiarentzat bere legealdian ustez hainbat ustelkeria delitu egin zituelakoan.

Ustezko ustelkeria kasua argitzeko sumarioak 26 atal ditu. Lehen zatian, 2003 eta 2007 arteko legealdian ustez diru publikoa erabilita Antonio Alemany kazetariari 483.186 euro ordaindu izana aztertuko da. Horrek idazten omen zituen Matasen hitzaldiak.

Ustelkeriaren kontrako Fiskaltzak diru publikoa bidegabe erabiltzea, agirien faltsutzea eta Administrazioari iruzurra egitea leporatzen dio Matasi. Horren defentsak, aldiz, absoluzioa eskatzen du.

Balear Uharteetako presidente ohiarekin eta Ingurumen ministro ohiarekin batera, Antonio Alemany kazetaria, Dulce Linares Matasen Exekutiboko zuzendari ohia, Maria Umbert IB3 Balearretako telebista publikoko zuzendari nagusi ohia, Miguel Romero Nimbus komunikazio enpresako zuzendaria eta Joan Martorell Gobernuaren Komunikazioko zuzendari ohia eseriko dira akusatuen aulkian.

Zehazki, gaur Maria Umbert eta Dulce Linares, Jaume Matas presidente ohiaren kabineteko zuzendariak, erruztatuen aulkian eseri dira. Ustezko lehiaketa "pantaila" bat egitea egotzi diote Matasi. Era horretan, bere diskurtsoak idazten zituen kazetari bat ordaintzen zuen.

Palma Arena auziko lehen egunean egin dituzte adierazpenak. Bi zuzendariak, beste bost lagunekin batera, Antonio Alemanyri (hori ere auzipean) ordainketak iruzur bidez egiteagatik epaitzen ari dira, diru publikoa erabiliz (hainbat kontratu eta diru-laguntzak bideratuz) 438.186 euro ordaintzeagatik.

Diskurtsoak idazten zituen kazetari baten kontratua ezkutatzeko, komunikazio agentzia batekin Matasek ustezko lehiaketa bat egin zuela susmatzen du Fiskaltzak. Alemanyk idazten zizkion diskurtso garrantzitsuenak Matasi, eta, horrela, Balearretako gobernuak ez zuen aholkulari moduan kontratu behar, horrela eginez gero, diru-laguntza publikoak galduko zituelako.

Alemanyren kontratazioa Matasek "agindutakoa" izan zela berretsi dute bi akusatuek. Gainera, faltsuzko lehiaketa ere martxan berak jarri zuela susmatzen dute.

Txistuak eta oihuak Auzitegi atarian

Jaume Matas Balear Uharteetako presidente ohia txistuka eta ohiuka hartu dute Auzitegiaren atarian bildu diren ehun bat pertsonek. "Lapurra", "harroa" eta "itzul ezazu dirua" esan diote oihuka Matasi.

Epaiketak ikusmin handia sortu du, 150 bat kazetari bertaratu dira auziaren nondik norakoen berri emateko.

Matas 09:50ean heldu da Palmako Auzitegira; bera izan da sei akusatuen artean bertara iristen azkena.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea