Politika -

Larunbatean, Bilbon

Presoen aldeko manifestazioa isila izango dela iragarri dute

Modu honetan, Herrizaingo Sailak eginiko eskaerei erantzun diete protestako deitzaileek, alegia, presoen argazkirik ez erakustea eta presoen aldeko oihurik ere ez egitea.

Egin Dezagun Bidea plataformako ordezkariak. Argazkia: EITB
Egin Dezagun Bidea plataformako ordezkariak. Argazkia: EITB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Larunbatean presoen eskubideen aldeko manifestazioa isila izango dela iragarri dute gaur Egin Dezagun Bidea plataformako ordezkariek. Modu honetan, Herrizaingo Sailak eginiko eskaerei erantzun diete protestako deitzaileek, alegia, presoen argazkirik ez erakustea eta presoen aldeko oihurik ere ez egitea.

Deitzaileek "erantzukizunez" jokatzeko exijitu diote Jaurlaritzaren Herrizaingo Sailari larunbateko manifestazioan. Bilbon egin duten agerraldian adierazi dutenez, manifestazio isila izango da larunbatekoa.

"Arduraz jokatuko" dutela azpimarratu dute deitzaileek eta, ordainean, Herrizaingo Sailari "erantzukizunez" jokatzeko eskatu diote.

Azken egunetako informazioek "eztabaida nagusia ahuldu" nahi dutela salatu dute Egin Dezagun Bidea plataformako kideek. "Nahasmena sortu nahi dute", gaineratu dute.

"Egoera berri baten aurrean gaude, eta hori da garrantzitsuena; itxaropen aro berri honi denek eman behar diogu bultzada", azpimarratu dute.

Deitzaileen hitzetan, manifestazioak "inflexio puntua" jarriko du "gatazkari konponbidea emateko orduan".

"Manifestazio kolosala izango da"

Manifestazioa "kolosala" izango dela adierazi dute deitzaileek, "azken urteetako handiena". Jasotako 15.000 atxikimenduak eta Bilbora joango diren 300 autobusak azpimarratu dituzte.

Bilbon egin duten agerraldian, aldarrikatuko dituzten puntuak biltzen dituen agiria irakurri dute: Presoak Euskal Herriko kartzeletara hurbiltzea, 'Parot doktrina' bertan behera uztea edota gaixorik dauden eta zigorraren hiru laurdena bete duten presoak aske uztea.

"Erabat demokratikoak" diren eskaerak direla goraipatu dute, "giza eskubideen errespetuan oinarritzen dira eta gatazka konpontzeko bidean eman beharreko pausoak dira".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea