Politika -
Manifestazioa, larunbatean
Bildu: 'Benetako bakea lortzeko presoak etxean egon behar dira'
Bilduko kargudunen ustez, "hasi berri dugun bideak irtenbide iraunkor batera eraman gaitzake".
Erredakzioa
Bizkaiko Bilduko zinegotzi eta alkateek agerraldia egin dute gaur Bilbon eta "benetako bakea eta demokrazia" lortzeko "kartzelan eta ihes egin duten pertsonek etxean" egon behar dutela nabarmendu dute.
Prentsaurrekoan Itziar Duoandikoetxea eta Garazi Abrisketa Arrankudiagako alkateak eta alkateordeak; Josean Llaguno Sopuertako alkateak; Asier Vega Bizkaiko Batzarretako kideak; Ana Etxarte Bilboko zinegotziak; Beñat Anzola Igorreko alkateak eta Idurre Bideguren Bermeoko alkateak parte hartu dute.
Azken biek taldeko ordezkariak izan dira agerraldian zehar, eta larunbatean hiritar talde batek deitutako manifestazioarekin bat egiteko deia egin diete herritarrei.
Bilduko kargudunen ustez, "hasi berri dugun bideak irtenbide iraunkor batera eraman gaitzake". Hala ere, bide hori egin ahal izateko, "kartzelan eta ihes egin duten pertsonak etxera" bueltatu egin behar direla azpimarratu dute.
Bestalde, Lokarri herritar sareak manifestazioan parte hartuko duela iragarri du gaur. ETAk indarkeria behin-betiko utzi behar zuela jakin ondoren, "iraganeko estrategiak" bertan behera uzteko eskatu du Lokarrik.