Politika -
Manifestazioa urtarrilaren 7an
Ertzaintzak manifestarien aurka egingo du, presoen argazkiak badaude
Grande-Marlaska epaileak Bilboko manifestazioa egiteko baimena eman zuen, bi baldintza jarrita: ETAko presoen argazkiak ez erakustea eta "preso politiko" kontzeptua ez erabiltzea.
Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzaren Herrizaingo Sailak ohartarazi duenez, urtarrilaren 7an kartzela-politikaren aurka Bilbon egingo den manifestazioan presoen argazkiak erakusten badira edo haien aldeko leloak oihukatzen badira, Ertzaintzak manifestarien aurka egingo du.
Herrizaingo Sailak azpimarratu du Auzitegi Nazionalaren agindua daukala martxaren aurka egiteko, manifestazio egiteko ezarri diren baldintzak betetzen ez badira. Fernando Grande-Marlaska epaileak abenduaren 30an eman zuen Bilboko manifestazioa egiteko baimena, baina bi baldintza ezarri zituen: batetik, ETAko presoen argazkirik ez erakustea eta, bestetik, "preso politiko" kontzeptua ez erabiltzea. Herrizaingo Sailak honen guztiaren berri eman die mobilizazioaren deitzaileei eta manifestazioari atxikimendua eman dieten eragileei, eta Auzitegi Nazionalaren baldintzak betetzeko neurriak hartzeko eskaera luzatu die. Ertzaintzak prest dauka dagoeneko larunbateko martxa kontrolatzeko plana.