Politika -
Barne eztabaida
PSOEren boto-emaileei irekitako primarioak eskatu ditu Chaconek
Hala ere, ministro ohiak oraindik ez du argitu alderdiaren idazkari nagusi izateko hautagai izango ote den. PSOEko militante batzuek agiri bat sinatu dute kongresua atzeratzea eskatzeko.
Erredakzioa
Carme Chacon ministro ohiak PSOEren hauteskunde-primarioak boto-emaileei ere irekitzea eskatu du Alfredo Perez Rubalcabak alderdia zuzentzeko hautagaitza aurkeztu bezperan eta bere burua aurkeztuko ote duen argitzeke dagoelarik.
Horren zain, buruzagi eta militante sozialistak otsaileko kongresuan bi hautagairen arteko konfrontazioa ikusteko prestatzen ari dira.
Alderdiko ordezkari garrantzitsuek hautagaitzat jotzen dute dagoeneko Chacon, izan ere, Jose Antonio Alonso PSOEren Kongresuko bozeramaileak aukera bat baino gehiago egotea goraipatu du gaur bertan.
Francisco Caamaño Justizia ministro ohi eta Chaconen aldekoak aitortu du "ona" dela Rubalcabak buruzagi izateko hautagaitza aurkeztea.
"Eztabaida ona da PSOErentzat", adierazi du Caamañok, "demokrazia ideiak eztabaidatzean eta pertsonak aukeratzean" datzala azaldu aurretik.
Chaconen gertuko iturriek jakinarazi dutenez, Chaconek datorren astean iragar lezake hautagai izango dela. Baina hori baino lehen, gaur Meridan izan da "Mucho PSOE por hacer" izeneko plataformaren aurkezpenean.
Bertan, erakunde nagusietarako (Gobernuko presidente, erkidegoetako presidenteak eta alkateak) hautagaiak aukeratzeko hauteskunde-primarioetan boto-emaile sozialistek ere parte hartzea eskatu du.
Bestalde, EAEko, Nafarroako, Extremadurako eta Andaluziako PSOEko zenbait kidek alderdiaren Kongresua ekainera atzeratzea eskatu diote Batzorde Federalari. Otsailaren hasierarako zegoen deitua Kongresua, baina ordurako barne eztabaida "serio eta sakona" egiteko denborarik ez dagoela iritzi diote.
Efek zabaldu duen gutuna PSOEko 30 kargudun ohi eta militantek sinatzen dute. Horietako 17 Andaluziakoak dira, eta tartean daude Alfredo Sanchez Monteseirin Sevillako alkate ohia, Carmen Hermosin diputatu ohi eta Batzorde Federaleko kidea eta Luis Yañez eurodiputatua.
Ez dela "izenei buruzko eztabaidarako garaia" adierazi dute, alderdiaren buruzagitza hartzen dutenei ez die inportako nor den presidente "erantzun argiak eman gabe jarraitzen badugu".
Alfredo Perez Rubalcaba "hautagai duina" den arren, PSOEk "garai txarrotan buruzagi izateko zilegiak diren pertsona asko" dituela uste dute.
Hori horrela, barne eztabaidarako denbora nahikoa izateko Kongresua ekainera atzeratu beharko litzatekeela azpimarratu dute. Izan ere, aurreikusitako egutegia oso desegokia dela iritzi diote, Andaluziako hauteskundeak gainean baitaude, eta horrek alderdikideak "distraitu" omen ditzake.
Era berean, Emiliano Garcia-Page Toledoko alkateak Gobernuaren presidenteorde ohiari "etorkizunerako planteamendua" eta "gizartea eta militantzia ilusionatuko duena" egitea eskatu dio.
Bere ustez, Rubalcaba hauteskundeetara aurkeztean "koherentea" izan da, PSOEk bizi duen "momenturik txarrenean" egin duelako eta "aurpegia eman duelako".
Elena Valenciano PSOEko Nazioarteko Politikako idazkariak esan du bere apustuak "esperientzia, kaudimena eta kemena" ematen duela eta "sozialismoaren etorkizuna oparokoa izateko ideiak dituztenentzat zabalik dagoen proiektua" dela.
Jose Antonio Alonsok ez du esan bihar, osteguna, Rubalcabak UGTk Madrilen duen egoitzan emango duen aurkezpenera joango den edo ez, baina alderdiaren etorkizunariburuz hitz egiten hastea onuragarritzat jo du.
"Aurkeztu behar diren hautagaitzak aurkeztea gauza ona da. Bat baino gehiago egongo direla uste dut eta horregatik PSOEko Kongresu Federalak bi galdera erantzungo ditu:nor izango da alderdiaren burua eta honek hautatua izan ostean, zer egin nahi duen esan behar du", adierazi du.