Politika -
Epaiketa
Gürtelek ordaintzen zituen Campsen trajeak, jostunaren esanetan
Jose Tomas jostunak epaiketan azaldu duenez, Pabo Crespok, Gürtel sareko ustezko buruetako batek, sartzen zuen dirua "El Bigotes"ek Madrilgo denda batean zuen kontuan.
Erredakzioa
Jose Tomas jostunak esan du Alvaro Perez "El Bigotes"ek Madrilgo Milano dendan zuen kontuko ordainketak Pablo Crespok, Gürtel sareko ustezko buruetako batek, egiten zituela.
Valentziako Justizia Jauregian egiten ari diren "trajeen epaiketa"n Tomasek azaldu duenez, kontu horren bitartez Perezek eta Crespok eskatutako jantziak soilik ordaintzen ziren.
2004an Rafael Betoret Turismo kontseilaritzako buru ohiarentzat ere lanean hasi zela jakinarazi du jostunak. Betoretek Gürtel sareak trajeak oparitu zizkiola aitortu zuen eta bere burua errudun zela aitortu zuen epaiketan. Pedro Garcia Valentziako irrati-telebista publikoaren zuzendari nagusi ohiarentzat lan egiten ere aritu omen zen gero.
Jostunak epaiketan deklaratu duenez, Perezek Valentziara joateko eskatu zion 2005eko udaberrian, Ricardo Costa PPren Valentziako idazkari nagusi ohiari eta Victor Campos Conselleko presidente ohiari (horrek ere aitortu egin zuen Gürtelek trajeak erosi zizkiola) neurriak hartzeko.
Hasieran, Francisco Camps Generalitataren presidente ohia ez zengoen "EL Bigotes"en kontuan, baina gero kontu horretan sartu zutela ziurtatu du Jose Tomas jostunak.
2006ko irailean Milano denda utzi zuenean, Crespori dendan zuen zorra kitatzeko eskatu omen zion, eta tartean Campsentzat egindako trajeak zeuden.