Politika -
Osoko bilkura
Protestak eta Bilduren kaleratzea, Nafarroako Parlamentuko bilkuran
Erakundeko presidenteak Victor Rubio Bilduko paralamentarioa kaleratu du eta bere alderdikoek ere osoko bilkura utzi dute Rubiori elkartasuna agertzeko.
Erredakzioa
Alberto Catalan Nafarroako Parlamentuko presidenteak ostiraleko saioa bertan behera utzi du minutu batzuetan Oinarrizko Errentaren Aldeko Plataformakoek Elena Torren Gobernuko Gizarte-politika arduradunaren hitzaldia eten egin dutenean. Catalanek Parlamentutik bota ditu Victor Rubio Bilduko parlamentariarekin batera.
Protestek Bildu, Nafarroa Bai eta Izquierda-Ezkerra taldeen babesa izan dute eta Torres gizarteratze errentaren legearen aldeko proiektua defendatzen ari zela hasi dira. Ganberako presidenteak "Nafarroako herriko ordezkarientzako errespetua" eskatu du, baina kasurik ez diotenez egin, Plataformako kideak eta Bilduko Victor Rubio kalera bota ditu. Momentu horretan, Catalanek saioa eten egin du minutu batzuetan ordena berreskuratu ahal izateko.
Saioari berriro ekin diotenean, ikuslerik gabe, Bilduko Maiorga Ramirezek Rubio kaleratzeko erabakia berriz hausnartzeko eskatu dio Parlamentuko presidenteari, bere ustez erabaki "antidemokratikoa, arbitrarioa eta desegokia" baitzen.Alberto Catalanek erantzun egin dio "bakoitzak bere ekintzak ondo neurtu" behar dituela esanez, "batez ere gainontzeko taldeei errespetua falta dienean eta saioko ohiko funtzionamenduari kalte egiten zaionean".
Patxi Zabaleta
Patxi Zabaleta NaBaiko bozeramaileak ere bere ustea adierazi du. Bere hitzetan, "Parlamentu guztiek honelako ekintzak pairatzeko aukera dute" eta Mahaiaren eta Bozeramaileen Batzordearen batzarra eskatu du "gertatutakoak garrantzia duelako". Catalanek esan dio batar hori egiteko "denbora izango dela" eta Rubio kaleratzeko erabakia berretsi du.
Hori ikusita, Bilduko parlamentariak Ganberatik atera dira bere alderdikideari elkartasuna agertuz.