Politika -
Gobernu berria
Nolakoak izango dira Rajoyren ministroak?
Ana Pastor, Soraya Saez de Santamaria, Alberto Ruiz Gallardon eta beste batzuen izenak ageri dira, baina ziur presidente berriak gogoko duen ezaugarriren bat dutela komunean.
Erredakzioa
Alfonso Alonso PPren Kongresuko bozeramaileak esan du gaur eguerdirako ministro berrien izenak jakitea espero duela, baina horren aurretik, Soraya Saenz de Santamariaren balioa azpimarratu du eta hark eta Jose Luis Ayllonek, Alvaro Nadalek, Jose Maria Lasallek edo Fatima Bañezek Gobernuan "postu garrantzitsuak" izango dituztela aurreratu du.
Komunikazio politikoan aditua den Imelda Rodriguezek dio Mariano Rajoyk "sinesgarritasuna, konfiantza eta gertutasuna" transmititzen duten pertsonak aukeratuko dituela. Hori esateko, adituak Kongresurako eta Senaturako izendatu dituen presidenteen ezaugarriak hartu ditu oinarri.
Imelda Rodriguezek uste du krisi garaian "oinarrizkoa" dela sinesgarritasuna; horregatik, Rajoyk "oso teknikoa" den jendea aukeratuko duela.
Konfiantzari dagokionez, garai "zailak" direnez, Rajoyk iritzi publikoari "segurtasuna eta kontrola" helarazi nahi izango diola uste du komunikazio adituak. Hori horrela, "polemikak" saihesten dituzten pertsonak bilatuko omen ditu Rajoyk.
Hirugarren ezaugarriaren, gertutasunaren, harira, Imelda Rodriguezek Europa Pressek egindako elkarrizketan esan du Soraya Saez de Santamaria dela ezaugarri horren adibidea.