Politika -
Inbestidura-eztabaida
Rajoy Espainiako presidente, EAJren eta Amaiurren abstentzioarekin
PPren aldeko botoekin nahikoa izan du Espainiako presidente berriak, popularrek gehiengo absolutua baitute. EAJ eta Amaiur abstenitu egin dira eta Geroa Baik eta CIUk aurka bozkatu dute.
Erredakzioa
Mariano Rajoy Espainiako presidente aukeratu dute gaur. PPren aldeko botoekin nahikoa izan du Rajoyk, popularrek gehiengo absolutua lortu baitzuten azaroko hauteskundeetan. EAJ eta Amaiur abstenitu egin dira eta PSOEk, Geroa Baik, UPyDk eta CIUk aurka bozkatu dute. Bihar "gauean" Gobernu berriaren kideak nortzuk izango diren jakinaraziko du Rajoyk. Aurretik, Espainiako Erregearekin bilera egingo du.
Alderdi Popularreko 185 diputatuek eta UPNren diputatu bakarrak (Carlos Salvador) aldeko botoa eman dute, baita Enrique Alvarez Sostres Foro Asturiaseko ordezkariak ere.
Kongresuko 149 diputatuk kontrako botoa eman dute: PSOEk, CIUk, IUk, UPyDk, BNGk, ICV-EIiAk, Chak, Geroa Baik eta Compromisek. Amaiurren zazpi ordezkariak eta EAJren bost diputatuak abstenitu egin dira, baita Coalicion Canaria eta NCko bi diputatuak ere.
Mariano Rajoyk bihar egingo du Gobernuko presidentziaren karguaren zina, Zarzuelako Jauregian 11:00etan, hain zuzen ere. Ohi bezala, ekitaldia audientzia aretoan egingo dute Bibliako bi ale eta Espainiako Konstituzioaren aurrean.
Kongresuko X. Legealdiko 350 diputatuek ahoz eman dute boza, banan-banan, Mahaiko idazkariek deitu ahala. Bozkatzeko txanda alfabetoaren araberakoa izan da eta Gobernuko jarduneko kideak eta Ganberako Mahaiaren kideak izan dira botoa ematen azkenak.
Rajoyren "eztabaidarako prestasuna" aintzat hartu du Erkorekak
Duranen arabera, Rajoyk Kataluniarekin "konpromiso argirik" hartu ez duelako eman du CiUk Rajoyren inbestiduraren aurkako botoa. "Koherentziaz, ezetz bozkatu dugu", adierazi du.
Amaiur: "Ez ditugu demokraziaren gaineko irakaspenik onartuko"
Iñaki Antigüedad Amaiur koalizioko diputatuaren esanetan, Mariano Rajoyk Barne ministro izango balitz zuzendu zaie eta ez Estatukoburu gisa. Antigüedaden esanetan, Amaiurrek ez ditu "demokraziaren gaineko irakaspenik onartuko, giza eskubideei dagokionez, eskuak garbiak ez dituzten Gobernuaren partetik".
"Guk emandako pausoak gutxiegi direla diote batzuek baina hortik abiatuta, nahikotasunera helduko gara apurka-apurka", defendatu du Amaiurreko diputatuak.