Politika -
Inbestidura-eztabaida
Rajoy presidente izendatuko dute, euskal alderdiek hitza hartu ondoren
Atzo Espainiako Gobernuaren hurrengo presidenteak hainbat neurri ekonomiko iragarri eta gero, Mariano Rajoy presidente izendatuko dute PPren gehiengo osoari esker.
Erredakzioa
Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidente izendatzeko inbestidura saioaren bigarren zatiari ekingo diote gaur Madrilgo Diputatuen Kongresuan. EAJk irekiko du gaurko eztabaida 09:00etan eta gero hartuko dute hitza Amaiurrek eta talde mistoko gainerako alderdiek. Gero, 12:30 aldera, Mariano Rajoy presidente izendatzeko bozketarekin amaituko da saioa. Diputatuek aulkitik altxatu eta ozen esan beharko dute haien botoa.
Josu Erkorekak irekiko du gaurko saioa 09:00etan eta Mariano Rajoyrekin eztabaidatuko du. Gero talde mistoa osatzen duten alderdiek hartuko dute hitza, Amaiurrekin hasita, eta Iñaki Antiguedad izango da koalizio abertzalearen ordezkaria.
Ondoren Francisco Jorquera BNGkoak, Ana Oramas Coalicion Canaria-Nueva Canariasekoak, Joan Baldovi Compromis-Equokoak, Carlos Salvador UPNkoak eta Uxue Barkos Geroa Bairen buruak hitz egingo dute Kongresuan.
Inbestidura-eztabaida ixteko, Alfonso Alonso PPren bozeramaileak hitz egingo du, gehiengoa duen alderdiko ordezkari gisa.
Azkenik, 12:30 aldera, Mariano Rajoy presidente izendatzeko bozketa izango da. 350 diputatuak banan banan joango dira altxatzen eta ozen esan beharko dute Rajoyren alde edo kontra bozkatzen duten edo abstenitu egingo diren.
Rajoy lehenengo bozketan izendatuko dute presidente, PPk gehiengo osoa eta UPNren eta FACen babesa baitu.
Bozketaren ondoren, Jesus Posada Kongresuko presidentea Zarzuela Jauregira joango da Erregeari bozketaren emaitza jakinarazteko.