Politika -
Diputatuen Kongresua
Amaiurrek Konstituzionalera joko du talde propioa izateko
Mikel Errekondo bozeramaileak eman du neurriaren berri, Kongresuko Mahaiak talde parlamentario propioa izatea ukatu ondoren.
Erredakzioa
Mikel Errekondo Amaiurren Kongresuko bozeramaileak iragarri du Auzitegi Konstituzionalera joko dutela Kongresuko Mahaiak talde parlamentario propioa izatea ukatu diolako.
Madrilgo Diputatuen Kongresuan emandako prentsaurreko batean Errekondok azaldu duenez, Mahaiaren erabakia (PPren babesarekin eta PSOEren eta CiUren abstentzioarekin) "erabat politikoa da eta ez du oinarri juridikorik".
Adierazi duenez, koalizio abertzaleak ez du uste PPk erabaki horretan atzera egingo duenik legegintzaldi osoan.
Senatuan bai, Senatuko araudiak onartzen du aukera hori, baina Kongresuak soilik bost eguneko epea ematen du talde parlamentarioak izendatzeko Kongresua osatzeko saioa egiten denetik.
Errekondok uste du PPren erabakia "beldurragatik" izan dela, euskal zein espainiar gizarteek eskatzen duten borroka politikoa nahi ez dutelako, haren esanetan.
PPren "ahultasunaren" erakusgarri dela uste du Amaiurrek, baina "ukazioan" oinarritutako jarrera hori alde batera utzi eta bakerantz pausoak emateko eskatu dio PPri, euskal gatazka konpontzeko "ezinbesteko" agentea delako.
Errekondok esan du Amaiurrek bere esku dagoen guztia egingo duela koalizio abertzaleak talde propioa izan dezan, eta besteak beste Konstituzionalera joko dutela berretsi du.
Hala ere, talde propioa izatea "lanerako tresna" dela zehaztu du Errekondok, ez dela helburua, alegia; izan ere, Amaiurren helburua autodeterminazioa lortzea da.