Politika -

Ekitaldia Donostian

Ezker abertzaleak ETAren biktimen 'oinazea' aitortu du

Larunbat honetan Donostiako Bake Etxean izandako ekitaldi batean, Gernikako Akordioaren sinatzaileek "gatazkaren biktima guztiak" aitortzen duen idatzi bat aurkeztu dute.

Ezker abertzaleak biktimei "atsekabea" erakutsi die. Argazkia: EITB
Gernikako Akordioaren sinatzaileek 'biktima guztien mina' aitortu dute

01:26

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gernikako Akordioaren sinatzaileek "Euskal Herrian izandako tankera desberdineko indarkeriek eragindako mina eta sufrimendua" aitortu ditu eta "ETAren indarkeriak eta Espainiako eta Frantziako Estatuen gerra zikinen ondorioz" izandako biktimei "dolua" adierazi die.

Ezker abertzaleak hausnarketa hau egin du Gernikako Akordioaren sinatzaileek adostutako idatzi batean. EA, Alternatiba eta Aralar dira, besteak beste, Gernikako Akordioaren kide.

"Gatazkaren biktima guztiak" aitortzen duen testu hau Donostiako Bake Etxean aurkeztu dute, Aieteko Adierazpena onartu zen leku berean. Bertan alderdi hauetako ordezkariak izan dira tartean Rufi Etxeberria ezker abertzaleko buruzagia, komunikabideen aurrean idatziaren parte bat irakurri duena.

Testu honek "egia eta egiaren parte diren egia guztiak ezagutzea" du helburu. "Egia bat ikuspuntu guztietatik aztertu eta eraiki behar da", irakurri du Etxeberriak. Gernikako Akordioaren sinatzaileen ustez, "biktima guztiei tratu berdina eman behar zaie, bereizketarik gabe".

"Berdin dio zein den biktimek sufritu duten indarkeriaren iturria", azaldu du, "horren arabera ez dira batak besteak baino garrantzitsuago, izan ere, giza eskubideen urraketak bihurtu ditu biktimak".

Donostian irakurritako testu honek "eragindako kaltea konpontzeko beharra" jaso du, "neurri kolektiboen edo taldekako neurrien bitartez, biktimen eskubideak eta egoerak berrezartzeko".

"Biktimak gogorazteko haiek duten eskubidea aitortzen dugu eta baita gertatutakoaren oroimena berreskuratzeko eskubidea ere", azpimarratu du. Hala ere, auzi hauek "kontu eta errespetu handiz" aztertu behar dira, "eztabaida politikoan jaurtigai erabili gabe".

Azkenik, Gernikako Akordioaren sinatzaileen esanetan, "gatazka politikoaren behin betirako amaiera indarkeria egoerak berriro ez izateko bermea izango da". Gauzak horrela, "bazterkeriarik gabeko eztabaida prozesu bat ireki beharko genuke, gatazka politikoaren arrazoiei amaiera emateko akordio bat lortzeko".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea