Politika -

Gorteen osaketa

Kongresuko Mahaiak ostegunean erabakiko du Amaiurreko taldeari buruz

Taldea osatzeko baldintzak betetzen ez dituela esan dio PPk Amaiurri.

Amaiur
Amaiur
Amaiurrek Kongresuan talde parlamentarioa izango duela ziurtatu du

01:13

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kongresuko Mahaiak ostegunean erabakiko du Amaiurrek eta UPyDk osatu nahi duten taldea izango duten; izan ere, ez dituzte Arauak ezarritako baldintzak betetzen.

Jose Posada Kongresuko presidenteak horrela azaldu du Kongresuko Mahaiaren lehen bileraren ostean. Bestalde, kexak aurkezten badituzte datorren astelehenean hartuko dute erabakia.

Alfonso Alonso PPk Kongresuan duen bozeramaile berriaren hitzetan, Nafarroako diputatuak gaur kargua hartu ez duen arren, Amaiurrek ez zuen Nafarroan botoen % 15 jaso, eta Legeak betebehar hori ezartzen du.

Amaiurren talde parlamentarioa

Amaiurrek azaldu du talde parlamentario propioa osatu ahalko duela Diputatuen Kongresuan. Izan ere, Sabino Cuadra Nafarroako diputatu hautetsia ez da Gorteen osaketara joan, eta ez du karguaren zina egin.

Koalizio abertzalearen iturrien esanetan, Cuadrak "arrazoi pertsonalak" tarteko egin dio uko gaurko saioari, eta ondorioz talde propioa osatu ahalko dute.

Kongresuan talde parlamentarioa izateko, Ganberako araudiak ezarritako bi baldintzetako bat bete behar da: gutxienez bost eserleku eta Espainia osoko botoen % 5 lortzea, edo gutxienez bost eserleku eta zerrenda aurkeztu den lurraldeetan botoen % 15 eskuratzea.

Hori horrela, Amaiurrek zazpi diputatu lortu zituen hauteskunde orokorretan, eta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan aise gainditu zuen botoen % 15eko muga. Nafarroan, baina, hamarren batzuen falta geratu zen, eta horrek galarazi egiten zion taldea izatea, betiere araudiaren interpretazio zorrotza eginez.

Orain, baina, Sabino Cuadra saiora joan ez denez, Nafarroako emaitzak ez dira kontuan hartuko talde parlamentarioaren eskaera egitean.

Aipatu iturrien arabera, Nafarroako diputatu hautetsia hurrengo saiora joango da, eta orduan egingo du zina. Araudiaren arabera, une horretan bat egin ahal izango du talde parlamentarioarekin.

RTVEk jakinarazi duenez, Ganberako zerbitzu juridikoek oniritzia eman diote Amaiurren jarrerari. Nolanahi ere, azken hitza Ganberako Mahaiak izango du, eta PPk gehiengoa du bertan.

X. Legegintzaldia, abian

Bestalde, gaur goizean abian jarri da X. Legegegintzaldia, Kongresua eta Senatua osatuta. Hain zuzen ere, Ganberetako Mahaiak osatu dituzte, eta parlamentarioek Konstituzioaren zina egin dute.

Saioetan ez da ezustekorik eta, horren ildotik, Jesus Posada ministro ohia eta Pio Garcia Escudero senataria (PPkoak biak) Kongresuko eta Senatuko presidente izendatu dituzte, hurrenez hurren, gehiengo osoz.

"Garai zailak dira, arazo larriak daude eta konpontzen saiatu behar gara; herritarrek esfortzu esku-zabalak espero dituzte gure partetik", nabarmendu du.

Hori horrela, arazoei aurre egitea ez dela talde bakar baten zeregina gaineratu du.

Amaiurrek, EAJk eta Geroa Baik "legeak aginduta" egin dute zina

Amaiurreko sei diputatuek, EAJren bostek, ERCko hirurek eta IUko hainbatek "Legeak aginduta" promestu dute Konstituzioa betetzea.

Konstituzioaren zina egiteko formula hori Herri Batasunak asmatu zuen 1989 urtean, eta PSOEk helegitea aurkeztu bazuen ere, Auzitegi Konstituzionalak babestu egin zuen.

IUko hainbat diputatuk, Cayo Lara idazkari nagusiak tartean, "ideia errepublikanoei uko egin gabe" egin dute zina.

Konstituzioaren zina egitea ezinbesteko izapidea da parlamentario karguaz jabetzeko.

Egutegia

Mariano Rajoyren inbestidura saioa hilaren 19an eta 20an egingo dute, Kongresuan. Hortaz, karguaren zina 21ean egingo du, gobernuko kideek 22an, eta Ministroen lehen Bilera 23an izango da.

Salbuespenik gabe

Jesus Posada Kongresuko presidenteak berretsi du edozein diputatu jasoko duela, salbuespenik gabe. X. legislaturan ordezkaritza parlamentarioa lortu duten alderdien bozeramaileak jasoko dituela ere esan du, Amaiur barne.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea