Politika -
Prentsaurrekoa Iruñean
Amaiurrek 'eskandaluzkoa' deritzo PPk taldea izatea galarazteari
Asteartean taldea osatzea galaraziz gero izango duten jarrera ez dute aurreratu, baina Kongresuko talde ezberdinekin biltzeko asmoa agertu dute berezko taldea izateko aukerari bultzada emateko.
Erredakzioa
Kongresuan euren zazpi ordezkariek berezko taldea lortzeko ahalegin "politiko, juridiko eta bestelakoak" egiten ari direla azpimarratu dute Amaiurreko diputatu eta senatari hautetsiek eta PPk talde hori sortzea galarazteari "eskandaluzkoa" deritzo.
Iruñean prentsaurrekoa eman dute koalizioaren zazpi diputatuak eta bi senatarik (hirugarrenak ezin izan du Iruñean egon, arazo pertsonalengatik), astelehenean Kongresura joan eta euren aktak jaso aurretik. Hedabideen aurrean Madrilen izango duten jarrera iragarri dute; euren helburu nagusia "Euskal Herria nazio bat dela eta erabakitzeko eskubidea onartzea" izango da.
Hala ere, ez dute aurreratu asteartean taldea osatzea galaraziz gero izango duten jarrera, nahiz eta taldea izateko babesa ematen dieten aurrekariak egon. Erabaki hori Kongresuko mahaiak hartu behar du eta bertan PPk dauka gehiengoa. Amaiurrek Kongresuko talde ezberdinekin biltzeko asmoa agertu du berezko taldea izateko aukerari bultzada emateko.
Konpromisoekin leialtasuna
"Gertatzen dena aztertu egingo dugu eta horren arabera beharrezkoak diren akordioak egingo ditugu", esan du Sabino Cuadra Nafarroako diputatuak. Cuadra gaztelaniaz aritu da prentsaurrekoan eta Maite Aristegi, aldiz, euskaraz.
Diputatu nafarrak argüí utzi nahiizan du Amaiurrek "oztopoak oztopo" "bere konpromisoekin zintzoa" izango dela eta "ez diela hutsik egingo" bere 333.000 hautesleei ezta euskal herritarrei ere.