Politika -

Erreakzioak

Rajoyk espetxe-politika aldatu beharko luke, EAJ, PSE eta EAren ustez

Euskadira hurbiltzeko ETAko presoek egin duten eskaeraren aurrean Leopoldo Barreda PPko diputatuak esan duenez, "gauza ez da eskatzea, legearen arabera eskatzea baizik".

Gara eta Berria egunkarien azaletako irudiak. EITB.
ETAko presoen hurbiltzeko eskaera eta eragindako erreakzioak

03:26

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Radio Euskadiko "MQP" irratsaioan izandako eztabaida politikoan EAJk, PSEk eta Eusko Alkartasunak bat egin dute Mariano Rajoy Gobernuko presidente berriari espetxeetako politikan aldaketak eskatzeko.

Horrela, Joseba Egibar Eusko Legebiltzarrean EAJko bozeramaileak adierazi duenez, PPk ETAko presoen eskaera "bereganatu" behar du, presoen hurbiltzeak "prozesuaren atzeraezintasuna egonkortzen lagunduko duten neurriak direlako".

Zentzu honetan, buruzagi jeltzaleak "mugimenduak" egin ditzan eskatu dio Gobernu berriari tartean, sendatu ezin diren gaixoak eta, 'Parot doktrina' aplikatuz, espetxe-zigorren hiru heren bete dituztenak aske uztea.

Bestalde, Txarli Prieto Arabako PSE-EEko idazkari nagusiak "lasaitasuna eta apaltasuna" eskatu die "haren urraketa propioak onartu ez dituztenei". "ETAko presoak dira pertsonen, gizartearen eta ondasunen aurka atentatuak egin zituztelako", gogoratu du Prietok.

Prietok nabarmendu duenez, ETAko presoei aplikatutako espetxe-politika "lagunak, demokrazia eta Zuzenbide Estatua defendatzeko sistema demokratikoak ezarritako formula bat izan zen". "Ezin dugu ahaztu zergaitik sortu zen", azpimarratu du.

Halaber, Prietok iragarri duenez, "auzi honi buruz Mariano Rajoyrekin biltzeko eskatu du dagoeneko lehendakariak; espetxeetako politikaren irtenbide ildo desberdinak aztertzen ari gara".

Barreda (PP): "Legearen arabera eskatzea"

Irratsaio berean elkarrizketatu dute Leopoldo Barrera PPko Bizkaiko diputatu hautetsia. Honen esanetan, ETAko presoen espetxe-politikarekin lotutako guztia "talde bezala planteiatzen bada, horrek esan nahi du ETA oraindik existitzen dela eta presoen kolektiboa oraindik ere kontrolatzen duela".

Barredaren esanetan, kartzeletako politika "norbanakoari aplikatzen da, epaileen kontrolaren menpean eta legea errespetatuz". Honen arabera, "gauza ez da eskatzea, bakoitzak legearen arabera bere eskaera egitea baizik, legearen aplikazioaren kontrola epaileei dagokiela jakinda".

Barredaren iritzian, ETAko preso batek talde armatua utzi duela egiaztatzen baldin bada kartzeletako onura batzuk lortzeko aukera anitz ditu.

Ezker abertzalea: 'Presoak hurbiltzea bake prozesurako funtsezkoa da'

Ezker abertzaleak azpimarratu duenez, Euskadiko eta Nafarroako espetxeetara ETAko presoen hurbilketa "gure herrian abian den bake prozesurako eta normalizazio politiko eta demokratikorako funtsezkoa da".

Ezker abertzaleak Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren ekimena txalotu du. EPPKk iragarri duenez, ETAko preso bakoitzak Euskadiko eta Nafarroako espetxeetara hurbiltzeko eskaera egingo du, "Euskadin elkartuta egonda, ekarpen aktibo bat egin ahal izateko".

Ezker abertzalearen esanetan, "Espainiako eta Frantziako Estatuek euskal preso politikoen taldeari ezarritako espetxeetako politikak eskubideen urraketa suposatzen du eta honi amaiera ematea funtsezkoa da gure herrian martxan den bake prozesuan eta normalizazio politikoan aurrera egin ahal izateko".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea