Politika -

Behin-behineko akordioa

Errioxak gaixo gehiago bidali ahal izango ditu Osakidetzara

Bestalde, hilaren 15ean indarrean sartuko den akordioak dio bi erkidegoek kontrolatuko dituztela gaixoen joan-etorriak, ondoren zelan ordaindu behar den erabakitzeko.

Rafael Bengoa eta Jose Ignacio Nieto, EAEko eta Errioxako osasun sailburuak. EITB
Rafael Bengoa eta Jose Ignacio Nieto, EAEko eta Errioxako osasun sailburuak. EITB
Akordioa sinatu dute Errioxako eta EAEko Osasun Sailburuek

01:07

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Errioxak gaixo gehiago bidali ahal izango ditu Osakidetzara, erkidego horrek eta EAEk gaur sinatu duten behin-behineko akordioaren arabera.

Rafael Bengoa eta Jose Ignacio Nieto EAEko eta Errioxako Osasun sailburuek goizean sinatu dute bi erkidegoen arteko osasun gatazkari amaiera emateko aldi baterako hitzarmena; izan ere, behin-betiko akordioa otsailaren 29an ixteko konpromisoa hartu dute.

Behin-behineko hitzarmena abenduaren 15ean sartuko da indarrean eta egun horretatik aurrera Arabako Errioxako biztanleak berriro artatuko dituzte Errioxako osasun zentroetan. Gaixoek gainera, itxaroteko denboran berme gehiago izango dutela adierazi du Bengoak, hau da, 30 egun minbizia probetan eta 90 egun gaitz kardiobaskularretan.

Trukean, Errioxak gaixo gehiago bidali ahal izango ditu Osakidetzara, arreta berezia eskatzen duten kasuetan. Orain arte ere Osakidetzak artatzen zituen zerbitzu bereziak behar zituzten errioxarrak; nobedadea da hemendik aurrera Errioxako gaixo kopuru gehiago hartuko dituela EAEk.

Horren ondotik erkidego bakoitzak zenbat errioxar eta zenbat euskal herritar artatzen dituen aztertuko du, horrek suposatzen duen gastua zenbatekoa den zehazteko. Bi aldeak bat datoz esaterakoan Estatuko Lurralde arteko Batzordea izan behar dela gastu hori bere gain hartzen duena.

Aipatu akordioaren arabera, emakume errioxarrei ez zaie haurdunaldi etenaldirik egingo Osakidetzan, izan ere, erkidego horretan medikuek uko egin diezaiokete abortuak praktikatzeari eta kasu horietan Errioxako Osasun Zerbitzuak beste ospitale bat bilatu eta zerbitzua ordaindu behar izaten du.

Marko berri bat

Rafael Bengoaren hitzetan, gatazka honek agerian utzi du "gabezia" dagoela inguruko erkidegoetako biztanle gaixoei zerbitzua ematerakoan eta Estatuan horri erantzungo dion marko berri bat behar dela azpimarratu du.

Ildo horretan, urtarrilean egitea espero den Estatuko Lurralde arteko Osasun Batzordearen bileran gai nagusi bezala aipatu arazoa aurkeztuko duela iragarri du.Jose Ignacio Nieto pozik agertu da akordioagatik, baina behin-behinekoa dela nabarmendu du. Hori bai, bi gobernuak adostasunera heltzeko prest agertu izana azpimarratu du.

Behin-behineko hitzarmena indarrean dagoen bitartean, bi erkidegoek Errioxako eta EAEko zenbat biztanle artatzen dituzten kontrolatuko dute, biek ala biek uste baitute besteak baino kanpoko biztanle gehiago artatzen dituela.

Erreakzio politikoak

Bestalde, alderdi politikoen erreakzioak eragin ditu EAE eta Errioxaren arteko behin-behineko akordioak. Alderdi Popularrak txalotu egin duen bitartean, EAJk eta EAk kritikatu egin dute.

Iñigo Urkulluk salatu du "hiru hilabete eta gero oraindik behin-behineko akordioa" baina ez dela lortu eta "auzi honetan ere" Patxi Lopez lehendakariak ez duela kudeatze ona egin erantsi du.

Antonio Basagoitik, berriz, bi gobernuek lortutako hitzarmena Arabako Errioxako biztanleentzat "ona" dela esan du, "etxetik hurbilen duten zentroetan artatuko dituztelako, inolako korapilo politikorik gabe". "Hau konpondu da eta betirako izango da", azpimarratu du.

Juanjo Agirrezabala Eusko Alkartasunako legebiltzarkideak, ostera, Errioxarekin akordioa egon edo ez, Eusko Jauarlaritzak Lezako ospitalea indartu behar duela uste du. "Erietxe horretan zerbitzu gehiago jartzen ez badira, Arabako Errioxako biztanleak Logroñoko Gobernuaren borondatearen menpe egongo dira beti", ohartarazi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea