Politika -

Auzitegi Nazionala

32 urteko espetxe-zigorra Agirresaroberi, Pagazaurtundua hiltzeagatik

Auzitegi Nazionalak Gurutz Agirresarobe zigortu du Andoaingo Udaltzaingoaren buruaren hilketa leporatuta. Hala ere, ETAko kide izatea ez da "egiaztatuta geratu" eta delitu honengatik absolbitu du.

Gurutz Agirresarobe, Auzitegi Nazionalean izandako epaiketan. Argazkia: EFE
Gurutz Agirresarobe, Auzitegi Nazionalean izandako epaiketan. Argazkia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Auzitegi Nazionalak 32 urteko espetxe-zigorra ezarri dio Gurutz Agirresarobe ETAko ustezko kideari Joseba Pagazaurtundua Andoiango (Gipuzkoa) Udaltzaingoaren arduraduna hiltzeagatik. ETAko kidea izatearen delituari dagokionez, hau ez da "argi eta garbi egiaztatuta geratu" eta ondorioz, delitu honengatik Agirresarobe absolbitu du.

Horrela adostu du auzitegi honen Zigor-Epaitegiaren hirugarren gelak. Honen arabera, Agirresarobe "Euskal Askapenerako Mugimendu Nazionalean zegoen murgilduta" eta ETAren aginduei jarraituz, Pagazaurtundua hiltzea erabaki zuen. Gainera, armak edukitzeko baimenik ez izateagatik ere zigortu dute Agirresarobe.

Magistratuen arabera, Udaltzaingoaren arduraduna tirokatu baino lehen Andoiango Daytona tabernan Agirresarobek hartutako kafe-katilu batetik lortutako DNA "nahikoa" da hura epaitzeko, Fernando Grande-Marlaska Auzitegi Nazionaleko epailearen aurrean deklaratzen zegoela Agirresarobek edan zuen ur-botilaren DNArekin bat egiten duelako.

Horrela, 2003ko otsailaren 8an arropa ilunekin jantzita Agirresarobe Andoaingo Daytona tabernan sartu zen eta atearen ondoan eserita, kafesne bat eskatu zuen eta egunkaria irakurtzen hasi zen.

Hogei minutu igaro ostean, tabernan langile bakarra eta bi bezero bakarrik egonda, Pagazaurtunduaren mahaira hurbildu zen eta lau aldiz tirokatu zuen.

Hala ere, talde armatuaren kidea izatearen akusazioa "frogarik gabe" dagoela ebatzi dute epaileek, "zenbait kasualitatek ETA eta Agirresarobe lotzen badute ere", esaterako, Beñat Aguinagalde ETAko ustezko kidearen errugbi talde berdinean aritzea eta 2010ko abuztuan atxilotutako Aitziber Ezkerraren bikotekidea izatea.

Pagazaurtunduaren hilketaren erruduna dela ebazteko beste hainbat frogak ontzat eman dituzte magistratuek, tartean, azaroan epaiketan deklaratu zuten tabernako lekukoak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea