Politika -
Twitter sare sozialean
'Lanpostuak sortzeko lanean' ari dela esan du Rajoyk
Iragan igandetik aurreneko aldiz hitz egin du hauteskunde orokorretako irabazleak. "Jasotako babesa" eskertu du Rajoyk.
Erredakzioa
Iragan igandetik aurreneko aldiz hitz egin du Mariano Rajoy hauteskunde orokorretako irabazleak eta Twitter sare soziala erabili du. Helburua lortzeko "burubelarri lan egiten ari" dela ziurtatu du PPko buruzagiak: "lanpostuak sortzeko eta krisiari aurre egiteko", alegia.
Sareak eskaintzen dituen 140 karaktereak aprobetxatu ditu Rajoyk tuitean. "Jasotako babesa" eskertu du PPko buruzagiak. 'MR' inizialekin sinatu du Rajoyk. Horrela, mezua Rajoy berak idatzi du, eta ez bere lantaldeak. Mezu gehienak lantaldeak argitaratu ohi ditu, baina gaurkoan ez da hala izan.
Genova kaleko balkoira atera ostean PPko buruzagiak ez du adierazpen publikorik egin. Astelehenean PPko zuzendaritzarekin bildu zen, baina saioa ateak itxita egin zuen alderdiak.
PPk jakitera eman duenez, astelehen goizetik bere bulegoan lan egiten izan da Rajoy. Txostenak berriro aztertu eta telefono deiak jaso ditu PPko buruzagiak, eta lankideekin bildu da. Atzo Rodrigo Rato Bankiako presidentea hartu zuen bulegoan.
Gainera, asteazkenean lehen bilera bat izan zuen Jose Luis Rodriguez Zapatero Gobernuko jarduneko presidentearekin, aginte aldaketa prozesuari hasiera emateko. Euroguneko egoera ekonomikoa, Espainiako zorrari merkatuak egiten ari dioten presioa eta EBko Kontseilu Europarra hizpide izan zituzten bi buruzagiek.