Politika -
Abisua Alderdi Popularrari
Polemikaren ostean 'gutxi hitz egingo' duela adierazi du Eguigurenek
"Zalaparta gehiago sortu nahi ez" duela ziurtatu du PSEko presidenteak. "Ez dut ezer gehiago esateko. Pentsatzen dudana mila aldiz esan dut dagoeneko eta ez dut errepikatuko", esan du.
Erredakzioa
Gaurtik aurrera "isilik" egoten ikasiko duela esan du Jesus Eguiguren PSEko presidenteak. "Zalaparta gehiago" sortu nahi ez duenez "gutxi hitz egingo" duela erantsi du buruzagi sozialistak.
Horrela, sozialisten eta Alderdi Popularraren arteko ituna hausteko aukeraz mintzatu da gaur Eguiguren. Mariano Rajoy PPko buruzagiak "bakearen alde lan egiten ez" baldin badu, PSEk ituna apurtu beharko lukeela ohartarazi du agintari sozialistak.
Eusko Legebiltzarreko pasilloetan egindako adierazpenetan, polemika bertan behera utzi nahi izan du Eguigurenek. Bakegintza politikari buruz plazaratutako azken iritziek zalaparta politikoa sortu dute.
Legebiltzarrak ohiko osoko bilkura egin du ostegun honetan. Saioan PPko legebiltzarkide batek Eguigurenen adierazpenak aurpegiratu dizkio PSEko presidenteari. Hala ere, "lagunarteko" kritika izan dela azaldu dute PPko iturriek.
"Ez dut ezer gehiago esateko"
Legebiltzarreko pasilloetan egindako adierazpenetan, "zalaparta gehiago sortu nahi ez" duela ziurtatu du PSEko presidenteak. "Ez dut ezer gehiago esateko. Pentsatzen dudana mila aldiz esan dut dagoeneko eta ez dut errepikatuko", esan du.
PSE-PP itunaren haustura posible bati buruz galdetu diote kazetariek. Adierazpen horiek egin dituela baieztatu du Eguigurenek, baina "ñabardurekin". Euskal abeslari baten hitzak erabiliz zera adierazi du Eguigurenek: "Isilik egoten ikasi" eta gaurtik aurrera "gutxi hitz egingo" du.